Gizartea -
Chernobil Elkartea
Bizitza hobeago bat helburu
Chernobil Elkarteak 26 urte bete ditu istripu nuklearrak kaltetutako haurrei laguntza eskaintzen. Orain, pandemia dela eta, beste era batean ari dira atxikimendua ematen.
eitb media
Tatyanak 15 urte ditu, eta, Ukrainako beste hainbat haurren antzera, Euskal Herrira etortzen da udaro, aire garbia arnasteko eta, oro har, bere osasuna indartzeko. Bertara iristen denean, Villalabeitia Intxaurbe sendia izaten du zain, duela bost urtetik uda guztietan zaintzen duen familia. "Denbora generaman honetan pentsatzen, behin animatu eta honetan parte hartzea erabaki genuen arte, hurkoa laguntzeko helburu finkoarekin", azaldu du Chernobil Elkarteko boluntario eta Tatyanaren senide euskaldun Gurutze Intxaurbek. Aurten ere, ordea, Tatyana ezingo da Euskal Herrira itzuli, covid-19aren pandemiaren ondorioz.
Varivsk, bere herria, txikia da, eta apenas dago bizitza aktibo baten seinalerik. Txernobylgo zentraletik 60 kilometrora dago, eta erradiazio maila altua da; lurra eta ura pozoiturik daude oraindik. Gainera, bertako biztanleak ukrainar agintariek ezkutatu duten miseria egoeran bizi dira. "Jainkoaren esku utzi dituzte", dio Intxaurbek.
Pandemiak bertako egoera larriagotu besterik ez du egin. "Lehen gutxienez eskolara joaten ziren, laguntzak iristen ziren, baina, orain, zeukaten apur hori kendu egin die pandemiak", azaldu du Intxaurbek. Eskolak, hain zuzen, berebiziko garrantzia du haur horien garapenean, heziketaren eta ezagutzaren bidez bertatik irteteko eta etorkizun hobeago bat izateko aterabide bat baita. Haur askok, halaber, eskolako jantokian jaten dute eguneko otordu bakarra.
Tatyanaren kasuan, aita lanik gabe geratu zen, eta janaria lortzea premiazko arazo bihurtu da. Intxaurberen arabera, inoiz ez dute gose egoerarik bizi izan, baina, azaldu duenez, pandemia dela eta, janaria bidali behar izan diote Tatyanari, lehenengoz. Eskolen itxierak ere ohi baino gehiago areagotu du bertako arrakala digital kezkagarria. "Ez dute ordenagailurik, ezta Interneterako konexiorik ere, eta ezin dute online klaserik jaso", azpimarratu du boluntarioak.
Halaz ere, Intxaurberen esanetan, zoriontsuak dira daukatenarekin, kanpoan dagoena ezagutzen ez dutelako edo, besterik gabe, kezkatzen ez dituelako. Hain handia denez isolamendua, Kieven, Varivsketik 45 kilometrora, eta Ukraina guztian, oso gutxik dakite pertsona horiek bizi dutena. Boluntarioak dioenez, bi lekuen arteko aldea izugarria da: "Kievera iritsi ginenean txundituta geratu ginen hiriaren edertasunarekin, baina herrirantz hurbiltzen ari ginen heinean, errepideak geroz eta utziago zeudela konturatu ginen; jada ez zegoen sororik, ezta animaliarik ere… Dena zuhaitzak". "Txernobylgo burbuila" deitzen dio leku hari.
Chernobil Elkarteak 26 urte bete ditu aurten haur horiei laguntza eskaintzen, eta, ordura arte, 4.500 harrera baino gehiago egin dituzte, "familia gehiago behar ditugun arren", azaldu du Intxaurbek. Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean, familiek arropa eta janari bilketak antolatu dituzte haurrei bidaltzeko. Gainera, bertako supermerkatuei dirua bidaltzen diete banku-transferentzia bidez, ondoren horiek, bertako boluntarioek koordinatuta, haurrei eta haien familiei janaria emateko.