Gizartea -

MIGRAZIOA

Itsasoan erreskateak egiten dituzten erakundeek bilera eskatu diote Draghiri

Italiako gobernuburuari gutuna bidali diotenen artean daude Open Arms, SOS Mediterranee, Alarm Phone, Emergency, Mugarik Gabeko Medikuak, Mediterranea, ResQ-People eta Sea Watch.

Gomazko ontzi bat hondoratuta, Mediterraneoan
Gomazko ontzi bat hondoratuta, Mediterraneoan
Gomazko ontzi bat hondoratuta, Mediterraneoan

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mediterraneo itsasoan erreskateak egiteaz arduratzen diren gobernuz kanpoko hainbat erakundek gutuna igorri diote Mario Draghi Italiako gobernuburuai, migratzaileen hondoratze gehiago gertatu ez daitezen. Iragan astean, 130 bat pertsona hil ziren Mediterraneoan, Libiatik gertu, bi egunez noraezean eta laguntza zain egon ostean.

"Joan den ostegunean Mediterraneoan izandako tragediaren ondoren, premiazko bilera bat eskatzea ezinbestekoa dela uste dugu. Hondoratze bat gertatzen den bakoitzean, azkena izatea espero dugu. Azken egunetako tragedia hori ere saihestu zitekeen", adierazi dute Open Arms, SOS Mediterranee, Alarm Phone, Emergency, Mugarik Gabeko Medikuak, Mediterranea, ResQ-People eta Sea Watch gobernuz kanpoko erakundeek elkarrekin sinatu duten testuan.

Salatu dutenez, Alarm Phone erakundeak lehen abisua zuenetik tragedia gertatu arte 24 ordu baino gehiago igaro ziren, eta tarte horretan Ocean Viking ontzia itsas agintarien esku-hartzearen zain egon zen.

"Italiako, Libiako eta Maltako agintariak une oro jakinaren gainean egon ziren arren, ez zen koordinaziorik egon, edo behintzat ez zuten une horretan zegoen erreskate ontzi bakarra inplikatu", adierazi dute gutunean. "2014tik, 20.000 gizon, emakume eta haur baino gehiago hil edo desagertu dira itsasoan, eta horrek munduko migrazio biderik hilgarriena dela baieztatzen du". Sinatzaileen arabera, "Mare Nostrum operazioa amaitu zenetik estatuek hartutako akordio eta neurriek ez dute heriotza-tasa murriztea lortu. Ordutik, eta bilaketa eta salbamendurako koordinazio zentralizatu, egoki eta koherente baten faltan, gobernuz kanpoko erakundeak estatuek utzitako hutsunea betetzen saiatu dira". Gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dutenez, "deslegitimazio eta kriminalizazio kanpaina basati baten helburu bihurtu dira".

"Gobernuz kanpoko erakunde gisa hutsune bat betetzeko gaude itsasoan, baina pauso bat emateko prest egongo ginateke Europak bilaketa eta erreskate mekanismo instituzional eta koordinatu bat sortuko balu, pertsonak itsasoan erreskatatzea helburu", azaldu dute.

Hori guztia dela eta, bilera bat eskatu diote Draghiri. Besteak beste, erreskate koordinatuak eta egokiak ziurtatzeko bere gobernuak zein ekimen egin asmo dituen galdetuko diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa gaur Europa bideoak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Italiako berriak Espainiako mediterranear kostaldeari buruzko berriak