Gizartea -

Atxiloketak

Bost lagun atxilotu dituzte Donostian, desobedientzia eta Ertzaintza erasotzeagatik

Gainera, Poliziak Sopelako hondartzan zeuden 29 pertsona identifikatu ditu goizaldean.

EITB Meda | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak azken orduetan Donostian, osasun legedia hausteagatik, agenteen aginduak ez betetzeagatik eta eraso egiteagatik, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

23:30ean, San Martin kale inguruan zebilen patruilak bi gizon eta emakume bat gelditu ditu, etxeratze aginduak markatzen duen ordutegitik kanpo kaletik ibiltzeagatik. Ertzaintzaren arabera, agenteek esandakoa aintzat ez hartzeaz gain, patruilaren kontra egin dute eta ertzainei eraso egin diete. Hala, hirurak atxilotu dituzte, autoritatearen aurkako atentatua leporatuta.

Bestetik, Gipuzkoako hiriburuan bertan eta goizaldeko ordu bata aldera, etxe bizitza batean egiten ari ziren ustezko festara bertaratu da Ertzaintza. Han, 21 pertsona identifikatu eta bi atxilotu dituzte, desobedientziarengatik.

Identifikazioak Sopelan, Igorren eta Barrundian

Bizkaian, 29 pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak Sopelako hondartzan segurtasun neurriak bete gabe biltzeagatik. Goizaldean izan da eta 60 isun jarri dituzte guztira.

Gainera, Igorreko aparkaleku batean antzerako egoera gertatu da bart. Bertan, agenteek 35 gazte identifikatu dituzte eta 46 espediente zabaldu.

Azkenik, Barrundian (Araba) Poliziak 18 pertsonari eskatu zien dokumentazioa arratsaldeko lehen orduan, osasun legedia errespetatu barik elkartzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Herriak eta Hiriak Sopela Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Igorre Koronabirusa