Gizartea -
MOZIOAK UDALETXEETAN
Elkarrekin Podemosek etxerik gabekoentzat egoitza-baliabideak eskatuko ditu udaletan
Ordezkaritza duten udaletan dauden baliabideei buruzko informazio zehatza eskatuko du, baita zerbitzuak sendotzeko planak garatzeko ere.
EITB MEDIA | AGENCIAS
Elkarrekin Podemos-EBk mozioak erregistratuko ditu ordezkaritza duten udal guztietan, kalean bizi diren pertsonentzako arreta zerbitzuak sendotzeko. Hilabeteko epea emango die udalei eguneko zentroak eta gaua igaroteko ostatuak bermatuko dituen plangintza-egutegia osa dezaten.
Aitzole Araneta Donostiako Udaleko Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, Ana Viñals Bilboko bozeramaileak eta Garbiñe Ruiz Gasteizeko Udaleko zinegotziak azaldu dutenez, mozio honen bidez, pendiente dauden zerbitzuen garapenerako beharrezkoa den ibilbide orria aurkezteko eskatuko dute, "behar diren baliabideak jarriz, eta hala behar bada, eguneko zein gaueko ostatuetarako aurrekontuak handituz, kalean bizi diren pertsonak artatzeko".
Pandemiak pertsona horien egoera okertu egin duela nabarmendu dute hiruek eta une honetan beharrezkoa dela baliabideak errealitate horretara egokitzea.
Urtebeteko epean, dauden zerbitzu sozialen ebaluazioa egiteko ere eskatu dute, zerbitzu horien "kalitatea, eraginkortasuna eta nahikotasuna" neurtzeko, eta erantzunik gabe geratzen diren eskarien berri izateko.
Udal agintariei "errolda soziala bultzatzeko" irizpideak zehaztea ere eskatuko die mozioak, hori baita sektore horretako erakundeek eskatzen duten erreminta pertsona horiek hainbat eskubide eta laguntza sozial jaso ditzaten. Hainbat udalek egin dute jada.
Foru aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari eskaria
Udalek eskaini behar dituzte egoitza-baliabideak, baina "ez dira nahikoa" gehitu dute Aranetak, Viñalsek eta Ruizek.
Hala, foru aldundiei etxerik gabeko pertsonen egoeraren diagnostikoa egin dezatela eskatu diete, euren baliabideak eta laguntzak argazki horretara egokitzeko. Eta era berean, Eusko Jaurlaritzari Zerbitzu Sozialen Plan Estrategiko berria egin dezala eskatu diote, 2016-2018koari jarraipena emanez.
Aranetak nabarmendu duenez, murrizketak jasaten ari dira Euskadiko zerbitzu sozialak azken urteetan eta legea betetzeko arazo larriak daudela ere azpimarratu du. Hala, eguneko arreta, eta gaueko babesa "legez, Euskadiko udal guztietan bermatuta" egon beharko lukeela aldarrikatu du.
Viñalsek urtea hasi zenetik hiru pertsona etxegabe hil direla ere gaineratu du, bi Bilbon eta bat Zarautzen.
Eustateko azken datuen arabera, Euskadin kalean bizi direnen erdiak baino gehiago atzerritarrak dira, eta soilik lautik batek kobratzen du diru sarrerak bermatzeko errenta. Laguntza hori ez dela behar gehien dutenengana iristen salatu du Viñalsek eta kalean bizi diren lautik batek ez dakiela badenik ere.