Gizartea -
KORONABIRUSA
Presioak gora egiten jarraitzen du EAEko ZIUetan, 186 gaixo larrirekin
2020ko apirila erdialdeko okupazioa berdindu da. 935 kasu berri atzeman dira, baina positibo tasa % 9tik % 7,7ra jaitsi da.
EITB MEDIA
EAEko ospitaleetako ZIUetako presioak gora egiten jarraitzen du. Apirilaren 23ko datuen arabera, 186 gaixo larri daude covid-19arekin ingresatuta, aurreko egunean baino 13 gehiago. Hala ere, Osasun Sailak jakitera eman duenez, gela arruntetako gaixoen kopurua 101era jaitsi da, bezperan baino 13 gaixo gutxiagorekin.
Ospitaleetako presioa, baina, izugarria da oraindik, eta zaintza intentsiboetako unitateetako gaixoen kopurua 2020ko apirilekoarekin alderatu daiteke dagoeneko, taulan ikus daitekeenez.
935 covid-19 kutsatze berri izan dira ostiralean EAEn, aurreko egunean baino hiru gutxiago. Era berean, positibo tasak ere behera egin du, % 7,7ra. Datuok, hala ere, MOEk ezarritako % 5etik urruti egoten jarraitzen dute; beraz, ezinezkoa da kontrolik gabeko transmisioa etetea.
Egunean zehar 12.193 PCR proba eta antigeno test egin dira, bezperako 10.907en parean.
Hala, Bizkaian 466 positibo berri antzeman dituzte, aurreko egunean baino 41 gehiago. EAEko beste bi probintzietan, ostera, egoerak hobera egin du: 358 Gipuzkoan (73 gutxiago) eta 103 Araban (14 gutxiago). Gainera, EAEtik kanpo bizi direnen artean, zortzi positibo zenbatu dira (bezperan baino hiru gehiago).