Gizartea -
KORONABIRUSA
Hildakoen hurbilekoei pandemian bizitako sufrimendua aitortu die Urkulluk
4.130 pertsona hil dira covidagatik EAEn. Senide eta lagunak galdu eta, pandemiaren erruz, nahi bezala agurtu ezin izan dituzten pertsonei omenaldia egin diete gaur Gasteizen.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Iñigo Urkullu lehendakariak covid-19aren pandemian hildakoen senide eta hurrekoek bizi izan duten sufimendua aitortu eta "ulermen nahiz elkartasun sentimendurik sakonena" helarazi nahi izan die Gasteizen egin duten ekitaldi berezian.
Izan ere, milaka dira pandemia egoera honetan covidagatik zein bestelako patologiengatik senide eta lagunak galdu eta nahi bezala agurtu ezin izan dituzten pertsonak. Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, asteazkenera arte, adibidez, 4.130 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusagatik.
Betirako programaren urteurrenarekin bat egin du ekitaldiak. Eusko Jaurlaritzak pandemia egoera honetan dolu prozesuan laguntzeko abian jarritako zerbitzu psikologikoa da Betirako.
Programa horri esker, psikologo zein zerbitzu sozioedukatiboetako beste profesionalek laguntza ematen diete senideei, entzunez eta informazioa eta aholkularitza emanez, antsietatea, depresioa edota insomnioa bezalako sintomei nola aurre egin jakiteko.
Doako programa horrek 600 pertsona baino gehiago lagundu ditu 2020ko ekainaren 1etik.
Hildakoen hainbat senide izan dira gaurko ekitaldian. Horietako batek, Pilar Sandovalek, kontatu duenez, senarra hil zitzaion eta ezin izan zuen bisitatu Gasteizko Txagorritxu ospitalean. Heriotzaren ondoren, berarentzat eta alabentzat laguntza eskatu zuen Betirakon, eta oso eskertuta dago eman dioten arreta eta babesagatik.
Omenaldia EAE une latza bizitzen ari den garaian dator. Azken datuen arabera, 100.000 biztanleko 14 eguneko tasa 540koa da Euskadin eta 700 gaixo daude covidagatik ospitaleratuta.
"Akatsak" egin direla aitortu du lehendakariak
Azken urtea "oso zaila" izan dela onartu du lehendakariak. "Onena eman dugu, baina inork ez zuen halako ondorio ekonomikoak eta sozialak eragin dituen krisi emozional eta sanitario honi aurre egiteko eskulibururik", adierazi du.
Hamaika zailtasun izaten ari direla azpimarratu du, eta edozein neurrik dituela txanponaren bi aldeak, "onurak eta nahi ez ditugun ondorioak".
Eusko Jaurlaritza oreka mantentzen saiatzen dela adierazi du, osasuna lehenetsiz; baina, era berean, "akatsak" izan direla aitortu du.
"Nahaste pertsonal handiko egoera bizi izan dugu eta bizitzen ari gara, ezin sinesteko egoera, bakardade, ziurgabetasun eta tristura orokorrekoa", esan du, eta sentimendu horiek "are handiagoa egiten dute maite duzun pertsona baten galera".
Lehendakariak eskerrak eman dizkie Betirako proiektuan diharduten profesionalei, euren laguntza ezinbestekoa baita doluari aurre egin eta bizitzari "lasaitasun handiagoz, segurtasunez eta ongizatez" berrekiteko.
Euskal gizarteari azken egunetan egindako eskaria berresteko ere erabili du gaurko hitzordua, eta arauak zorroztasunez eta elkartasunez betetzeko eskatu du: "Hori da maite ditugunei egin diezaiekegun omenaldirik onena".
Hildakoen omenez lore eskaintza eginez amaitu da Salburuako interpretazio zentroan egindako omenaldia. Senideekin izan dira, lehendakariaz gain, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Politika Sozialetarako sailburua eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea.