Gizartea -

KORONABIRUSA

AstraZenecaren txertoaren onurek nabarmen gainditzen dituzte arriskuak

MOEren aholkularitza-taldeak azpimarratu duenez, onurak arriskuak baino askoz ere gehiago dira. Produktuaren eta tronbosi kasu arraroen arteko harremana "egiantzekoa" dela uste du.

AstraZenecaren txertoa. Argazkia: EFE
AstraZenecaren txertoa.
AstraZenecaren txertoa. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Osasun Erakundeari (MOE) txertoen inguruko aholkuak ematen dizkion zientzialari-taldeak adierazi du AstraZenecaren txertoaren onurak arriskuak baino askoz gehiago direla. Adituen ustez, produktuaren eta tronbosi kasu arraroen arteko harremana "egiantzekoa" da.

MOEko zientzialari-taldeak azaldu duenez, kasu gehienak Europar Batasunean eta Erresuma Batuan atzeman dituzte. Herrialde horietatik kanpo kasuak are ezohikoagoak izan dira, txerto asko jarri arren.

Erresuma Batuan martxoaren 31n jasotako datuen arabera, milioi bat pertsonatik lau tronbosi kasu izan ziren; Europar Batasunean, berriz, kasu bat izan zen txertoa jaso zuten 100.000 pertsonako.

Adituen ondoriorik garrantzitsuena honako hau izan da: "SARS-CoV-2 koronabirusaren transmisioa duten herrialdeetan, covid-19tik babesteko txertoaren onurak arriskuak baino askoz ere gehiago dira".

Hala ere, arriskuaren eta onuraren ebaluazioa herrialdearen arabera ezberdina izan daitekeela onartu dute, eta bakoitzak bere egoera epidemiologikoa, herritarren arriskuak eta beste txerto batzuk kontuan hartu behar dituela azaldu dute.

Halaber, adierazi dutenez, "Europako datuen arabera, heldu gazteen artean arriskua handiagoa izan daiteke adinekoen artean baino", baina ez dute arrisku-faktore espezifikorik identifikatu.

Txertoaren eraginkortasuna

Iaz egindako saiakuntza klinikoen hirugarren fasean jasotako datuei esker, txertoaren eraginkortasun-tasa altuagoa dela ikusi dute. Gaur egun, % 76koa da covid-19aren infekzio sintomatikoetan; aurretik, berriz, % 63koa zen.

Adituen arabera, 65 urtetik gorakoen taldean immunitatearen eraginkortasuna % 85ekoa izan da, eta segurua dela baieztatu dute.

Urte gehien dituztenen artean txertoaren onura handiagoa dela azpimarratu du aholkularitza taldeak. Koronabirusaren aldaerak dauden herrialdeetan AstraZenecaren txertoa erabiltzeko gomendatu du MOEk.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Zientziaren hedapena Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea