Gizartea -
Koronabirusa
Euskadi "intzidentzia altuaren balizko moteltze" baten aurrean egon liteke
Bestalde, Osakidetzak Brasilgo koronabirus aldaeraren 222 kasu zenbatu ditu, eta Hegoafrikako aldaeraren beste 54. Hala ere, Erresuma Batuko aldaerak nagusi izaten jarraitzen du.
EiTB Media
Euskadi “intzidentzia altuaren balizko moteltze” baten aurrean egon litekeela uste dute Osakidetzako arduradunek; baina baieztatzeko “goizegi” da, “itxaron beharra dago”, erantsi dutenez. “Datozen egunetako datuak aztertzea beharrezkoa da”, esan dute. Hala ere, birusaren intzidentzia Euskal Autonomia Erkidegoan “oso handia” dela ohartarazi dute. Beraz, egoera epidemiologikoa “oso kezkagarria” da, azpimarratu dutenez.
Bestalde, Osakidetzak Brasilgo koronabirus aldaeraren 222 kasu zenbatu ditu, eta Hegoafrikako aldaeraren beste 54. Hala ere, Erresuma Batuko aldaerak nagusi izaten jarraitzen du.
Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak eta Koldo Cambra Osasun Publikoko zuzendariordeak prentsaurrekoa eman dute, besteak beste, aldaera ezberdinen bilakaeraren berri emateko.
Brasilgo eta Hegoafrikako aldaerek eragindako kasuen gorakada nabarmena izan da, apirilaren 20ko datuekin alderatuta.
Horrela, duela hiru egun Brasilgo aldaeraren 107 kasu zenbatu zituzten, eta orain 222 dira dagoeneko. Hegoafrikako aldaerari dagokionez, 46 baieztatu zituzten duela hiru egun, eta orain 54 dira.
Osasun Sailak onartu duenez, tokian toki aldaeren kutsadura kateak izan dira, baina aldaera britainiarrak nagusi izaten jarraitzen du. Hala ere, bi aldaera horiek hedatzen ari direla zehaztu du.
Gainera, azken asteetan Bizkaian eta Gipuzkoan aldaeren “zenbait kutsadura kate” izan direla esan du Sailak.
Azkenik, UEFAk Bilbori Eurokopa kendu ondoren, San Mamesek publikoa hartzeko irizpideak hizpide izan ditu Osasun sailburuordeak: “Hirugarren mailako norgehiagoka edo abeslari baten musika kontzertu batentzako berdinak dira”.
% 25eko aforoa markatu zuten erakundeek. Jose Luis Quintasek ziurtatu duenez, Bizi Berri III Planak ezarritako osasun baldintzak dira.