Gizartea -
Koronabirusa
Dolua landu eta bidean lagundu, covid-19aren ondorioak betirakoak izan ez daitezen
Covid-19arengatik norbait galdu duten pertsonekin egiten dute lan Betirako taldean. Gaur, larunbata, ekitaldia egingo dute familiek "gizartearen eta agintarien besarkada" sentitu dezaten.
Berezi Fernandez | EITB Media
2020ko ekainaren 1ean jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak Betirako programa. Ekimenaren baitan, Covid-19aren pandemiarengatik gertukoren bat galdu dutenei arreta psikologikoa eskaintzen diote hainbat profesionalek. Maite Zabala Betirakon lanean diharduen psikologoak EITB Mediari azaldu dionez, "dolu prozesu batean dauden pertsonei laguntzeko zegoen gizarte-premia handiari erantzuteko" gogoz ekin zioten lanari, duela ia urtebete.
Ekimenaren sorreratik 600 pertsona inguru artatu dituzte EAEn eta zerbitzu gisa "oso balantze positiboa" egiten dutela azpimarratu du Betirakoren ordezkariak. Erabiltzaileen profilaz galdetuta, Zabalak azaldu du gehienetan norbait galtzearen ondorio mingarriak pairatzen ari den pertsona bera — heldua askotan — dela laguntza eske deitzen duena. Beste batzuetan, ostera, familiako beste kide bat soleitu nahian daudenekin ere lan egiten dutela azaldu du psikologoak.
Hala, Betirakoren zerbitzuaz baliatzen direnek profesionalen babesa jasotzen dute, telefonoz, bideo-dei bidez edota aurrez aurre. Gainera, arreta indibiduala, familiarra eta taldekoa eskaintzen dute, unearen eta pertsonaren araberakoa betiere. Erabiltzailearen eta terapeutaren arteko harremana, bada, erabiltzaileak 900908744 telefonora deitzen duenean hasten da eta elkarrekin sufrimendua arintzeko eta "jasaten ari diren saminari zentzua aurkitzeko" bideari ekiten diote.
Dolua, norberak ibili beharreko bide konpartitua
Hildakoak uzten duen hutsuneari aurre egiteko unea gogorra izanik ere, pandemiak erabat zaildu du doluaren lehen fasea. Maite Zabalak argitu duenez, "dolu prozesua, indibiduala izateaz gain, prozesu soziala ere bada, eta hobeto egin dakioke aurre pertsonek elkar lagundu eta indartu dezaketen testuinguruetan". Covid-19aren pandemiak, baina, egoera "kroniko bihur dezaketen bi adierazle garrantzitsu betetzen ditu: heriotzaren izaera traumatikoa eta babes soziala mugatzea".
Hortaz, pandemiak dolua konplikatzeko arriskua handitu egin du eta unean-unekoak izan zitezkeen prozesuak luzatzea ekarri du, arazo psikologikoak eragiteraino. Horregatik, Betirako zerbitzuak prebentziozko arreta eskaintzen du, ondoez psikologikoen sintoma horiek arintzeko eta "harremanetarako gaitasuna larriki mugatzea" saihesteko.
Erresilientzia, zaurgarritasunari aurrez aurre begiratzeko
Pandemiak hankaz gora jarri du harremanak ulertzeko modua eta baita gizarte moduan aintzat hartzen ditugun dohainen hierarkia bera ere. Hartara, Zabalaren ustez, "une egokia izan daiteke pertsonen alderdirik gizatiarrenari balioa emateko eta egungo errealitatean oraindik gertatzen diren eguneroko gauza xumeekiko interesa eta plazera berreskuratzeko".
Osasun krisiak etorkizuneko gizartean izango duen oihartzunaz galdetuta, psikologoak nabarmendu du "bizi esperientzian inpaktua" eragingo duela, "bereziki zaurgarritasuna sentitu dugulako, denbora luzez". Egun "ezbeharretara egokitzen ikasten jarraitzen dugu, segurtasuna beste elementu batzuetan bilatuz" eta "erresilientzia maila handiagoak lortuz", azaldu du Betirako taldeko kideak.
Ekitaldia larunbatean
Larunbat honetan, apirilaren 24an, ekitaldia egingo dute Betirako taldeak eta zerbitzua erabili duten familiek. Senideentzat ekitaldi berezia izango dela azaldu du Zabalak, izan ere, "emozio handiz bizi dituzte aurreko egun hauek eta haien dolu prozesuan une berezia izango dela ziur badakigu".
Ekitaldiaren baitan, familiek "gizartearen eta agintarien besarkada, berotasuna eta hurbiltasuna jasoko dituzte, eta, horrela, haien sufrimendua ohoratzea ahalbidetuko duen ekintza sinbolikoa" bilakatuko da.