Gizartea -
Koronabirusa
Deskonfinamendua maiatzaren 3an hasiko da Ipar Euskal Herrian
Frantziako lehen ministroak azpimarratu du txertaketari esker altxatu ahal izango dituztela pixkanaka neurri murriztaileak, oraindik egunero 30.000 inguru pertsona kutsatzen baitira.
agentziak | eitb media
Frantziako Gobernua pandemiaren aurkako murrizketa neurriak altxatzen hasiko da pixkanaka maiatzaren 3an, orduan kenduko baitute etxetik 10 kilometro baino urrutiagora joateko debekua, Jean Castex lehen ministroak ostegun honetan iragarri duenez.
Emmanuel Macron presidenteak martxoaren 31n egindako aurreikuspenei jarraitzen die egutegiak, eta 19:00etan uzten du oraindik etxeratzeko agindua, baina datorren astelehenean haur eta lehen hezkuntzako ikasleen aurrez aurreko eskolak itzuliko dira, eta bigarren hezkuntzakoak, maiatzaren 3an.
"Badirudi hirugarren olatuaren goia jo dugula", adierazi du Castexek, egunero 30.000 kasu atzematen ari direla eta mantsotzea aurreko olatuetan baino motelagoa dela aipatu aurretik. Orain aldaera britainiarrarekin kutsatzen ari direlako gertatzen omen da hori.
Frantziako lehen ministroak azpimarratu du txertaketari esker altxatu ahal izango dituztela pixkanaka neurri murriztaileak, izan ere, 14 milioi herritarrek, adin nagusiak direnen laurdenak, dosi bat gutxienez jaso baitute.
Maiatzaren erdialderako utziko dute oinarrizkoak ez diren denden eta kultur eremu batzuen irekiera, segurtasun distantzia eta bestelako osasun irizpide batzuk errespetatzen diren kasuetan beti ere.