Gizartea -

Koronabirusa

Pandemiari aurre egiteko euskal legeak bere bidea hasi du, EAJ eta PSEren babesarekin

Lege-proposamenak Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdien babesa baino ez du izan. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU abstenitu egin dira eta PP+Cs eta Vox aurka agertu dira.

Eusko Legebiltzarra, barrutik. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra, barrutik
Eusko Legebiltzarra, barrutik. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak argi berdea eman dio pandemiari aurre egiteko euskal legearen presazko tramitazioari, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Eusko Jaurlaritzak covid-19a ez hedatzeko hartutako neurriei babes juridikoa emateko lege proposamena da, eta ekainerako prest izan nahi dute.

Lege proposamena presaz tramitatzea onartu dute Eusko Legebiltzarrean gehiengoa duten eta ekimenaren sustatzaile izan diren EAJk eta PSE-EEk. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU abstenitu egin dira eta PP+Csek eta Voxek, ostera, aurka bozkatu dute. 

Ekimenaren bultzatzaile diren EAJk eta PSE-EEk presazko tramitazioa planteatu dute eta, ondorioz, ohiko prozedurarako ezarritako denborak erdira murriztu dira. Sustatzaileen helburua legea egungo bilkura-aldia amaitu baino lehen onartzea da. Azken osoko bilkura ekainaren 24an egingo da.

Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak, bere aldetik, "lankidetza zintzoa eta ahalegina" eskatu dizkie oposizioko taldeei. "Guztion artean testu bat adostu dezagun, non, pozarren egon gabe, eroso egongo garen ondorioarekin". Hortik abiatuta, jarrera eraikitzailea izatea eskatu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzak pandemiaren aurrean darabilen "inprobisazioa" kritikatu du eta gaineratu, bere iritziz, lege proposamenak ez duela "inolako aldaketa estrukturalik barne hartzen, herritarrei etengabe errua botatzea baino". Era berean, Estatuarekiko erakusten duen "menpekotasuna" deitoratu du. EH Bildu abstenitu egin da bozketan, izan ere, euren ustez, legea "nabarmen hobetu daiteke ikuspuntu juridikotik, politikotik zein sanitariotik", eta hori da, hain zuzen, tramitazioan egin gura duena: legea "zuzentzea" eta "adituekin adostasunak lortzea". 

Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkidearen ustez, legeak aukera emango die euskal erakundeei euren jardunerako "mekanismo legalak" izateko, "aplikagarria" izango baita , "bai alarma egoeran egon zein bertan behera geratu eta osasun larrialdiko egoera deklaratzen bada". Ricok adierazi du "autogobernuari ahalik eta etekin handiena ateratzea" izan behar duela helburua; horrez gain, "erabat eztabaidagarriak diren" gaien eztabaidetan ez erortzeko eskatu du, Galiziako gobernuak "txertaketaren derrigortasuna ezartzeari atea irekitzen dion proposamena" gogora ekarriz.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU alderdiko bozeramaileak, bere aldetik, ekimena "berandu" datorrela esan du, eta pena dela "Gobernuko alderdiek" aurkeztu izana  "Gobernuak berak" aurkeztu beharrean. Azaldu duenez, bere taldea abstenitu egin da, tramitean testua "aldatu" eta "hobetu" nahi dutelako, "legea paper hutsa izan ez dadin, eskubideak zehaztu ditzat, pandemiari aurre egiteko balio dezan eta adostasun parlamentarioa izan dezan".

Kontrako txandan, Luis Gordillo PP+CS alderdiko parlamentariak azaldu du legearen aurka agertu direla, bere ustez, "prozesu-amarrua bilatzen duelako" auzitegi arrunt baten aurrean helegiterik jarri ezin izateko, eta kritikatu du ez duela "adostasunerako bokaziorik".

Azkenik, Amaia Martinez Vox alderdiko parlamentariak kritikatu egin du Gobernuak lege proposamenaren formulara jo izana, "epeak laburtzeko eta bere asmoen aurkakoak izan daitezkeen txostenak saihesteko".

Legea, xehetuta

Legeak bost alerta maila, sei adierazle epidemiologiko eta arrisku maila bakoitzari egokitutako osasun- eta prebentzio-neurriak aurreikusten ditu.

Mailarik baxuenean, 14 egunean 100.000 biztanleko kasu positiboen 60ko intzidentzia-tasa metatuta dago, hori baita Jaurlaritzak diseinatutako pandemia kudeatzeko Bizi Berri Planean jasotako helburua. Kopuru horretatik jaisten den unean, murrizketak ez dira indarrean egongo.

Legearen arabera, gainera, Jaurlaritzak 15 egunean behin eman beharko dio osasun-neurri horien eta koronabirusaren bilakaeraren berri Legebiltzarrari, eta lehendakariak LABIren batzorde teknikoa edo krisia kudeatzeko laguntza teknikoko taldea zuzedu eta izendatuko duela ezartzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak Koronabirusa