Gizartea -
Koronabirusa
Funes, perimetralki itxita
Horrez gain, gaur bertan baheketa egingo dute 45 eta 64 urte bitarteko pertsonei zuzenduta. Bi astez egongo da zarratuta.
EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuak Funes ixteko erabakia hartu du, azken egunetan koronabirusaren pandemiak eragindako kutsatzeak nabarmen hazi direlako udalerrian. Halaber, 45 eta 64 urte arteko herritarrei zuzendutako baheketa bat antolatu dutela jakinarazi du.
Foru Gobernuak ohar baten bidez azaldu duenez, neurri murriztaile berriak Funesko Udalarekin elkarlanean adostu dituzte eta gauerdian sartu dira indarrean. Hasiera batean, bi astez aplikatuko dituzte, baina osasun egoeraren arabera erabakiko dute neurriak mantendu edo ez.
Funesen 2.400 lagun baino gehiago bizi dira. Azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 2.071 kasukoa da 100.000 biztanleko.
Gauzak horrela, udalerria perimetralki itxita egongo da, ezinbesteko arrazoiak tarteko, joan-etorriak baimenduta egongo badira ere.
Baheketa masiboa gaur bertan egingo dute, estalitako kirol-pistan, 09:00etatik aurrera. Hitzorduak telefonoz deituta emango dituztela zehaztu dute.