Gizartea -
Koronabirusa
Osasun Ministerioa gaur hasiko da Janssen txertoaren lehen dosiak banatzen
Sendagaien Europako Agentziak txertoa segurua dela berretsita, EAEk 6.850 dosi jasoko ditu gaur eta Nafarroak, ostera, 2050.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Sendagaien Europako Agentziak Janssen txertoa segurua eta eraginkorra dela berretsi ostean, Espainiako Gobernuak asteazken honetan ekingo dio lehendabiziko dosiak autonomia erkidegoetara bidaltzeari, Carolina Darias Osasun ministroak arratsalde honetan jakinarazi duenez. Osasun Ministerioak dituen 146.000 dosietatik 6.850 Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) dagozkio eta beste 2.050 Nafarroari.
Sendagaien Europako Agentziak egindako ikerketaren arabera, Janssen txertoa eta Ameriketako Estatu Batuetan antzemandako tronbosi kasuak lotuta egon daitezke, baina albo-ondorio ezohikoak direla ziurtatu eta txertoa segurua eta eraginkorra dela baieztatu du ikerketak.
Lehendabiziko 146.000 dosiak joan den asteazkenean iritsi ziren Madrilera, baina konpainia estatubatuarraren biltegi batean gorde zituzten ikerketa amaitu eta dena argitu bitartean. Apirilean, guztira, 300.000 dosi bidaliko dituztela espero da.
Euskal Autonomia Erkidegoak Janssen etxearen 6.850 dosi jasoko ditu gaur Euskal Autonomia Erkidegoak, eta 2.050, ostera, Nafarroak. Hurrengo astean ere kopuru bera jasoko dute, eta hiruhileko honetan, Janssenen 330.000 txerto iritsiko dira guztira Hego Euskal Herrira, 250.000 EAEra eta 80.000, Nafarroara.