Gizartea -
Txertoak
EAEko herritarren % 21ek lehen dosia jaso dute, eta % 8 immunizatuta daude jada
Osasun sailburuak nabarmendu du ez dela inor geratuko "txertatu gabe", eta barkamena eskatu du Osakidetzaren webguneko arazo teknikoak direla eta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak barkamena eskatu du txertatzeko hitzordua hartzeko webgunearen arazo teknikoengatik, baina sistema "egokia" dela defendatu du. "Sentitzen ditugu eragozpenak, baina argi gera dadila ez dela inor geratuko txertatu gabe", nabarmendu du.
Sagarduik eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini dute gaur, egoera epidemiologikoaren berri emateko.
Osasun sailburuaren esanetan, orain arte 640.556 txerto jarri dituzte Euskadin. Herritarren % 21ek lehen dosia jaso dute dagoeneko, eta % 8 immunizatuta daude, bigarrena ere hartu baitute.
Astero jasotzen diren dosiekin, "arrisku handiko" kolektiboetan eta adinaren arabera txertatzen jarraituko dute oraingoz. Une honetan, 60-65 eta 74-79 adin tarteko pertsonei jartzen ari dira txertoak.
"Ez da inor geratuko txertatu gabe"
Osakidetzan txertatzeko hitzordua hartzeko sistemari dagokionez, Sagarduik esan du herritarren erantzuna "oso ona" izaten ari dela, eta "ordu gutxitan" agortu egin direla 74-79 adin tarterako zita guztiak.
Hain zuzen ere, asteleheneko 15:00etatik astearteko 08:00etara 19.116 pertsonak hartu dute zita, eta horietako erdiek webgunearen bitartez egin dute.
Nolanahi ere, aitortu du astelehenean sistemak "arazo teknikoak" izan zituela. "Lan egiten ari gara berriro gerta ez dadin", azaldu du.
Mutualitateak eta hilaren 22ko greba orokorra
Atzo, Jose Luis Escriba Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako ministroak iragarri zuen lan mutualitateek ere txertaketa prozesuan parte hartuko dutela. Horren harira, Sagarduik gogorarazi du Osakidetza "hasieratik" ari dela mutualitateekin lan egiten, eta, horrenbestez, Madrilek egindako iragarpenak "aldaketarik" ekarriko ez duela iritzi dio.
Bestalde, Osasun sailburuak esan du gehiengo sindikalak sektore publikoan hilaren 22rako deitutako greba orokorrak ez duela eraginik izango txertaketan.