Gizartea -
Azpiegiturak
Donostialdeko Metroaren proiektua eteteko eskatu dute hainbat eragilek
Satorralaia herritarren plataformak bultzatutako manifestua babestu dute hainbat alderdik, sindikatuk eta gizarte elkartek.
E. G. | EITB MEDIA
Satorralaia plataforma herritarrak, hainbat alderdiren, sindikaturen eta elkarteren babesarekin, Donostialdeko Metroaren proiektua bertan behera uzteko eskatu du, azpiegitura egiteak dakartzan "ingurumen-eraso, gainkostu altu eta eraikuntza-arrisku oso larriak" kontuan hartuta.
Eragileek babestutako manifestua prentsaurrekoan aurkeztu du Mikel Alvarez plataformako bozeramaileak, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Agirian, Kontxa-Easo tarteko esleipen berria eteteko eskatu dute, eraikuntza-proiektu berrian azpiegitura-lan handi hori egiteak dituen arriskuei buruz "iragarpen benetan izugarriak" jaso dituztela argudiatuta.
Honakoek egin dute manifestuaren alde: EH Bildu, Ahal Dugu eta Equo Berdeak alderdiek; ELA, LAB, CCOO, ESK, Steilas eta Kurpil (Dbuseko langileena) sindikatuek eta Greenpeace Euskadi, Haritzalde eta Eguzki elkarteek, baita norbanako modura sinatu duten beste hainbat lagunek ere.
Kontxako hondartzaren eta Easo geltokiaren arteko tartean hainbat arazo izan dira, eta ETSk adjudikazioa bertan behera uztea erabaki zuen, legeak baimentzen zuena baino kostu handiagoa zekarrelako aurrekontuak.
"Zeharo behargabekoa eta xahuketa ekonomiko itzela" da proiektua, sinatzaileen iritzian
Manifestuan jaso dutenez, Itsasertzetako Zerbitzuak "Kontxako hondartzan Metroaren eraikuntza lanekin eragin den ingurumen-erasoa egiaztatu du, eta tunelaren obrak, zeinak hondartzaren errealitate fisikoan eragin kaltegarria izan duten, geldiaraz daitezela" eskatu du, "harik eta itsas-lur eremu publikoa zeharkatzen duen trazatuaren azterketa oso bat egiten den arte".
"Gauzak horrela, gaur egun inoiz baino arrazoi sendoagoak daudela adierazten dugu zentzugabeko azpiegitura-lan hori geldiarazteko. Horrenbestez, Donostiako Metroaren Mirakontxa-Easo zatia egiteak dakartzan ingurumen-erasoa, gainkostu altuak eta eraikuntza-arrisku oso larriak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak obraren esleipena eta lanei berrekiteko asmoa bertan behera utz ditzala eskatzen dugu irmoki", gaineratu dute.
Azkenik, salatu dute "obra faraonikoa" dela, gastu handienak oraindik egin gabe daudelako. Halaber, kritikatu dute Jaurlaritzak "era inposatzailean eta herritarren inongo parte hartzerik gabe" ezarri zuela proiektua, eta "obraren negozio handiarekiko interesak eta hirigintza-arloko ondorio urbanistiko nabarmenak" daudela jokoan.