Gizartea -
CABACAS AUZIA
Cabacas auzian kondenatutako ertzain bakarra ez da kartzelan sartuko
Bi urtez bertan behera utzi du kondenaren gauzatzea Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, beti ere kondenatuak datozen bi urteetan legea hausten ez badu.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bi urtez bertan behera utzi du Iñigo Cabacas auzian kondenatutako ertzainari ezarritako bi urteko kartzela-zigorra gauzatzea. Beraz, oraingoz ez da kartzelan sartuko.
2021eko urtarrilean, Auzitegi Gorenak bi urteko kartzela-zigorra eta lau urteko gaitasungabetzea berretsi zuen ertzain baten kontra Iñigo Cabacas athleticzalearen heriotzarekin lotuta, zuhurtziagabekeria omisibo larria egotzita.
Orain, Bizkaiko Auzitegiak bi urtez bertan behera uztea erabaki du kondenaren gauzatzea, beti ere kondenatuak datozen bi urteetan legea hausten ez badu.
Bere ebazpenean hiru arrazoi aipatu ditu Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Batetik, zigortuaren jokabideak izandako ondorioen larritasuna onartu arren, gogoratu du zuhurtziagaberiazko hilketa leporatu ziotela. Horrek "erlatibizatu egiten du jokabide kriminalaren intentsitatea", azpimarratu du.
Bestetik, kondenatutako ertzainaren zirkunstantzia pertsonalei erreparatu die. Duela gutxi hil zaio emaztea eta seme bat du bere kargura. Auzitegiaren arabera, horrek "bereziki" zaila egingo luke espetxean egotea.
Hirugarren eta azken arrazoi bat ere aipatu du: polizia gisara egin duen ibilbidea, hain justu.
Arrazoi horiek guztiak kontuan izanda, auzitegiak uste du "zentzuzkoa" dela itxarotea eta ez dela "beharrezkoa" zigorra gauzatzea.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren erabakia ez da irmoa eta aldeek helegitea jar diezaiokete.
Fiskala zigorraren gauzatzea bertan behera uztearen alde agertu zen. Akusazio partikularrak, bere aldetik, eskatu zuen erabakia hartu aurretik kondenatuak eragindako kaltea aitortzea eta biktimei barkamena eskatzea eta "bere jardueraz eta horren ondorioez damutu izana" egiaztatzea.
Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Athleticen eta Schalke 04 taldeen aurkako futbol partidaren ondoren Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo eta lau egunez ospitaleratuta egon ostean.
Sei ertzain epaitu zituzten eta bakarra zigortu zuten.