Gizartea -
KORONABIRUSA
Datorren ikasturtean aurtengoan kontratatutako langileei eustea eskatu du Steilasek
Sindikatuaren aburuz, "ezinbesteko langileak dira ikastetxeetako hezkuntza proiektuak osasun berme nahikoekin modu presentzialean gauzatu ahal izateko".
N. B. | EITB Media
Steilas sindikatuak datorren ikasturteko plangintzan "aparteko" giza baliabideak mantentzea edo handitzea eskatu du astearte honetan, covid-19a dela eta.
Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, 2020-2021 ikasturtean, koronabirus pandemiaren ondorioz, euskal eskola publikoak indartu egin dira, 1.000 langile ingururekin.
Horrenbestez, Steilasen ustez, "ikastetxeetako hezkuntza proiektuak osasun berme nahikoekin modu presentzialean gauzatu ahal izateko ezinbesteko bihurtu dira".
Sindikatuak adierazi duenez, datorren ikasturtea planifikatzeko garaian "osasun egoera ez da hobetzen ari" eta "gaur egun ez dirudi hezkuntza zentroak irailaren 1ean normaltasunez hasiko direnik".
Hori dela eta, proiektuak berme sanitario eta pedagogikoekin garatu ahal izateko baliabideak mantentzeko edo handitzeko eskatu du.