Gizartea -
Koronabirusa
79 urtetik beherakoen bigarren dosia 6-8 aste atzeratzea aztertzen ari dira
Horren aurrean, Europako Sendagaien Agentziak (EMA) ohartarazi du baimendutako covid-19aren aurkako txertoak "produktuaren erabilera-orrian agertzen den bezala" eman behar direla.
agentziak | eitb media
Espainiako Osasun Publikoaren Batzordeak 79 urtetik beherakoen kasuan koronabirusaren aurkako txertoaren bigarren dosirako denbora tartea handitzea aztertuko du bihar, ahalik eta jende gehien txertatzeko, zaurgarrienak bereziki.
Horixe agertzen da covid-19aren aurkako txertaketa estrategia seigarren aldiz gaurkotzeko zirriborroan, Efe albiste-agentziak jakinarazi duenez. Testu horretan aipatzen da egungo egoera epidemiologikoarekin litekeena dela kasuek gora egitea Espainiako Estatuan, eta horregatik, "garrantzitsutzat" jotzen dute "ahalik eta lasterren txertatzea pertsona zaurgarrienak".
Hain zuzen ere, Pfizerren eta Modernaren txertoen bigarren dosiarekin berdin jarraitzea proposatzen du (21 eta 28 egun, hurrenez hurren), baina tartea 6 edo 8 aste handitzea 79 urtetik beherakoen kasuan.
Covid-19aren txertaketari buruzko lantaldearen proposamenak hainbat arrazoi azpimarratzen ditu bigarren dosiaren atzerapena justifikatzeko: gaixotasunaren intzidentzia altua, ospitaleratzeen eta heriotzen gorakada, txertoen eskuragarritasunean dauden mugak, eta beste herrialde batzuk ere ari direla dosien arteko tartea handitzea aztertzen.
Hori horrela, proba klinikoetako protokoloetan ezarritako dosi arteko denbora tartea handitzea aztertzen ari dira, kolektibo zaurgarrienei lehenengo dosia emateko, pandemiaren kontrola "bizkortzeko", eta "pertsona horien osasunarekiko eragina mugatzeko".
EMA
Horren aurrean, Europako Sendagaien Agentziak (EMA) gaur ohartarazi du covid-19aren aurka baimendutako txertoak "produktuaren erabilera-orrian agertzen den bezala" erabili behar direla, hau da, "hiru asteko" tartea lehenengo dositik bigarrenera Pfizer/Biontechen kasuan, eta "28 egunekoa" Modernarenean.
Espainiako Estatuak 79 urtetik beherakoen kasuan Pfizerren eta Modernaren dosi arteko denbora sei edo 8 aste atzeratzea aztertzen ari dela eta, EMAk ohartarazi du "produktuaren erabilera-orrian agertzen den bezala" erabili behar direla sendagaiak.
"Gaur gaurkoz ez dago datu klinikorik txertoaren eraginkortasunaren inguruan proba klinikoetan baino tarte handiagoaz ematen badira", azpimarratu du EMAk.