Gizartea -
Koronabirusa
Gurutzetan probatuko dute AstraZenecarena jaso zutenek beste batena har dezaketen
Lehen dosian txerto britainiarra jaso duten Espainiako Estatuko 600 pertsonari Pfizer edo Moderna ipiniko diete, gertakinak nahastea segurua ote den "ebidentzia zientifikoa" lortzeko.
E. G. | EITB MEDIA
Gurutzetako Ospitaleak Espainiako Estatuan lehen aldiz egingo den entsegu kliniko batean parte hartuko du. Helburua da jakitea lehen dosian AstraZenecaren gertakina jaso dutenei egokia ote den beste marka bateko txerto baten (Pfizer-BioNTech edo Moderna) bigarren dosia ematea.
Entsegu klinikoari CombiVacS izena jarri diote eta Carlos III.a Osasun Institutuak gidatuko du. Raquel Yotti zuzendariak zehaztu duenez, txertoak konbinatzea segurua ote den "ebidentzia zientifiko lortzea" da euren helburua. 60 urte baino gutxiagoko pertsonak AstraZenecarekin ez babestea erabaki zuten Osasun Ministerioak eta erkidegoek gertakin horrek eragin omen dituen odolbilduen kasuak direla eta.
Yottiren esanetan, "urgentziaz" lortu beharrekoa da ebidentzia hori, "AstraZenecaren lehen dosiarekin babestutakoekin zer egin behar dugun erabakitzeko eta erabaki horiek oinarria edukitzeko".
Hala, argitu du Espainiako Estatuko 600 pertsonarekin egingo dutela proba. Bost erietxek hartuko dute parte, Gurutzetakoaz gain, Madrilgo La Paz eta Klinikoa, eta Bartzelonako Vall d'Hebron eta Clinic.