Gizartea -
KORONABIRUSA
Kutsatzeak egonkor mantendu dira Nafarroan, baina positibo tasa nabarmen hazi da
139 kutsatze atzeman dira, bezperako datuen antzera, baina azken asteetan baino dezente gutxiago.
EITB MEDIA
Kutsatzeak egonkor mantendu dira azken orduetan Nafarroan, 139 kasu atzeman batira, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Atzo, 1.370 proba diagnostiko egin zituzten (aurreko egunean baino 1.195 gutxiago), eta % 10,1ek eman zuten positibo. Horrenbestez, positibo tasa ia bost puntu igo da (% 5,4an zegoen).
Bezperako datuaren bueltan dator gaurkoa; hala ere, duela astebete (57 gutxiago) edo bi aste (35 gutxiago) atzemandakoen azpitik dago.
Kasu gehien pilatzen dituzten gune edo udalerriei dagokienez, Etxarri Aranatz da denen buru (ostegunetik itxita dago), 11 kutsatzerekin. Ondoren datoz Altsasu eta Noain, zazpina positiborekin, eta Arbizu, Zangoza eta Iruñeko Ermitagaña auzoa, seinarekin.
Atzo, 210 paziente zeuden ospitalean koronabirusak jota, bezperan baino bederatzi pertsona gehiago, hain zuzen ere.
Igandean 12 lagun eraman zituzten erietxera, bakar bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetara. Pandemia hasi zenetik, 1.145 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz Nafarroan.
Zonaldeka, positibo berri gehienak (% 43) Iruñerrian eman dira, % 14 Tutera inguruan, eta % 9, Lizarraldean. Gainerako kutsatzeak (% 34) Nafarroako toki ezberdinetan atzeman dituzte.
Kutsatze gehienak honako adin tarteetan eman dira: 45 eta 59 urte bitartean, % 29; 30 eta 44 urte bitartean, % 23; 15 eta 29 urte bitartean, % 13; 15 urtetik beherakoen artean, % 14; 60 eta 75 urte bitartean, % 13, eta 75 urtetik gorakoen artean, % 6. Positibo berrien bataz besteko adina 41 urtekoa da.