Gizartea -
Koronabirusa
Kalean edaten ari zen gazte bat atxilotu dute Legazpin, ertzain bati eraso ondoren
Atxiloketaren unean, gaztearen lagunek ertzainen aurka objektuak jaurti dituzte, ibilgailuetako baten kristala hautsiz.
EiTB Media | Agentziak
Ertzaintzak 18 urteko gazte bat atxilotu du azken orduetan, Legazpin (Gipuzkoa), beste 30 pertsonarekin batera kalean edaten ari zenean, ertzain bati eraso ondoren.
Era berean, covid-19 pandemiaren aurkako osasun neurriak urratzea egotzita, 93 pertsonari isunak jarri dizkiete Euskadin, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Larunbateko 21:00etan, ertzainek 30 bat pertsona kalean edaten ikusi dituzte Legazpin. Ertzaintza ikusi eta gazteak sakabanatu dira. Identifikatzeari uko egin dion gazte bat bakarrik geratu da.
Ertzain bat iraindu du, eta eraso egitera heldu da; ondorioz, agintaritzaren aurkako delitua leporatu eta atxilotu dute. Atxiloketaren unean, gaztearen lagunek ertzainen aurka objektuak jaurti dituzte, ibilgailuetako baten kristala hautsiz.
Bestalde, Gipuzkoan beste 14 pertsonari isunak jarri dizkiete Urretxun, eta beste 17ri Lazkaon, kalean alkohola edateagatik, lau pertsona baino gehiagoko taldeak osatzeagatik edo konfinamendu perimetrala hausteagatik.
Bizkaian, bart 100 bat pertsona bildu ziren Ermuan, kalean edateko. Udaltzainen aurka bengalaren bat jaurti zuten, eta ertzainen lana oztopatzeagatik pertsona bat ikertzen ari dira.
Bestalde, Bilboko etxebizitza batean festa egiten ari ziren 16 gazteri isunak jarri dizkiete, eta beste dozena erdi gazte kalean edaten harrapatu zituzten Artxanda parkean.
Gainera, Larrabetzuko plazan 30 bat pertsonak etxeratze agindua urratu zuten goizaldean. Polizia gerturatzen ari zela ikusi eta ihes egin zuten. Hala ere, hiru pertsona identifikatu eta zigortu dituzte.