Gizartea -
KORONABIRUSA
Covid kasuen jaitsiera handia izan da Nafarroan, 150 positibo atzeman diren arren
Azken 20 egunetako daturik txikiena da. Osasun Sailak baheketa bana egingo du gaur Etxarri Aranatzen eta Alesbesen. Nafarroako herritarren %10 inguru daude jada erabat txertatuta, bi dosirekin.
EITB MEDIA
150 covid-19 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan Nafarroan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Bezperako 203 kasuekin alderatuta, 51 kasu gutxiago dira, beraz, eta hori baino garrantzitsuagoa dena, azken 20 egunetako kopururik txikiena da.
Ostiral honetan 1.944 proba egin ziren (1.086 PCR eta 858 antigenotest) eta horietatik % 7,7k positibo eman zuten, beraz positibitate tasak oso altua izaten jarraitzen du.
Burlatan 10 kasu berri atera ziren, Lizarran 7 eta Lodosan 6. Iruñean, berriz, 7 kasu diagnostikatu zituzten Milagrosa auzoan eta 6 Ermitagañan.
Bestalde, 197 gaixo zeuden atzo Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino bost gehiago, eta 41 lagun daude ZIU unitateetan. Atzo 19 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako hiru ZIUn, eta ez zen inor hil. Nafarroan 1.145 heriotza baieztatu dituzte guztira koronabirusaren pandemia hasi zenetik.
Kutsatze berriei dagokienez, zonaldeka, Iruñean eta bere eskualdean atzeman zituzten kasu positiboen % 5, Lizarraldean % 15 eta Tutera aldean % 12. Gainerako positiboak ( % 23) Nafarroako beste eskualde batzuetan banatuta egon ziren.
Erregistratutako kasu berrien adin-tarteei dagokionez, 15-29 urte arteko taldea ( % 26) eta 45-59 urtekoa ( % 20) dira nagusi. Ondoren, 15 urtetik beherakoen taldea dago ( % 19), eta 30-44 urtekoena ( % 17). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea dago ( % 13), eta 75 urtetik gorakoena ( % 5).
Pandemia hasi zenetik 57.493 covid-19 kasu baieztatu dira Nafarroan.
Baheketa Etxarri Aranatz, Alesbes eta Arbizun
Bestalde, baheketak egingo dituzte gaur Etxarri Aranatzen eta Alesbesen. 15 eta 29 urte bitarteko herritarrak deitu dituzte, eta Etxarri Aranatzen, Arbizuko adin tarte bereko herritarrei ere egingo zaie baheketa.
Txertaketa
Asteburuan txertaketa prozesuarekin aurrera jarraituko dute Foru Erkidegoan. Iruñean eta Iruñerrian bi tokitan emango dute txertoa larunbatean eta igandean: UPNAko kiroldegian eta Maristak ikastetxe zaharrean. Asteburuan, 6.500 pertsonari (4.654 larunbatean eta 1.843 igandean) hitzordua emango diete, 8:30etik 21:10era txertatzeko.
Tuterako Osasun Eremuan etxeetan txertatzeko asmoa dute asteburuan. Konkretuki, profesionalak 80 urtez gorako 54 pertsonaren etxeetara joango dira.
Azkenik, Lizarrako Osasun Eremuan, 60-65 adin tartea txertatzen jarraituko dute, Garcia Orkoien Ospitaleko bigarren solairuan, goiz zein arratsaldeko ordutegian. Asteburu honetan 1.000 pertsona inguru deituko dituzte.
Osasun Departamentuak Nafarroan bizi diren eta txertoa hartzeko zain dauden 80 urteko edo gehiagoko pertsonekin harremanetan jartzen jarraituko du asteburu honetan. Pertsona horiek dei bat jasoko dute txertoa hartzeko eguna eta ordua eskaintzeko, eta ez dute beste gestiorik egin beharko. Hala ere, gainerako herritarrek bezala, eskura dute Infovac txertaketa-kanpainari buruzko informazioa emateko telefonoa (948 370 120). Osasun Sailak ostegunean jarri zuen abian, eta herritarrei zerbitzu hobea emateko asmoz indartzea aurreikusi dute. Telefono horrek egunero ematen du zerbitzua, asteburuak barne, 08:00etatik 22:00etara.
Era berean, txertoari buruzko zalantzak edo kontsultak egin daitezke vacunacion@navarra.es edo txertaketa@navarra.es posta elektronikoen bidez.
Guztira, 184.624 txerto jaso dituzte nafarrek, Foru Erkidegora heldu diren 196.705 dosietatik. 55.230 pertsonak txertoaren bi dosiak jaso dituzte dagoeneko, hau da, txertaketa programan sartutakoen %10 inguru.