Gizartea -

Feminismoa

EAEk NBEren Generation Equality ekimenarekin bat egin du, berdintasuna helburu

Beijingo Emakumeen Munduko IV. Konferentziaren 25. urteurrena ospatzeko NBE Emakumeak agentziak bultzatutako ekimena da. Jaurlaritzak berdintasunaren aldeko itun soziala lortzeko baliatu nahi du.

Martxoaren 8ko bilkura feminista bat. Artxiboko argazkia: EFE
Martxoaren 8ko bilkura feminista bat.
Martxoaren 8ko bilkura feminista bat. Artxiboko argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) Nazio Batuen Erakundearen Generation Equality proiektuan parte hartuko du, Emakunderen bitartez. Beijingo Emakumeen Munduko IV. Konferentziaren 25. urteurrena ospatzeko NBE Emakumeak agentziak bultzatutako ekimena da, eta Jaurlaritzak berdintasunaren aldeko itun soziala lortzeko baliatu nahi du.

Iragarpena Legebiltzarrean egiten ari diren kontrolerako saioan egin du Artolazabalek. Azaldu duenez, "nazioarteko ekimen horren helburua da munduko konferentzian parte hartu zuten emakumeen legatua belaunaldi berriek jaso dezatela, etorkizunean berdintasunaren aurrerakuntza bermatzeko modu gisa".

Sailburuaren hitzetan, "Euskadin, Emakunderen sustapenaren bidez, Generation equialityk eskaintzen digun esparrua aprobetxatu nahi dugu, herrialde garen aldetik berdintasunarekin dugun konpromisoan beste urrats bat gehiago emateko, eta, nazioarteko esparru horretan, zerbait garrantzitsua sortu nahi dugu: Euskadin berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako itun sozial eta herritar bat sortzea".

Horren ildotik, aurreratu du Euskadiko gizarte-eragile guztiei dei egingo zaiela, berdintasunarekin duten konpromisoan beste urrats bat gehiago emateko, eta, Generation Equalityk eskaintzen dituen tresna metodologikoak eskura jarriko dizkiela.

Azaldu duenez, "metodologia hori, dagoeneko, ari da probatzen Euskadin", Emakundek haren Kontsulta Batzordeko elkarteekin eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkariekin eginiko lan prozesuaren bidez "gure errealitatera egokitu ondoren", gaineratu du.

"Ibilbide horren jarraibideak eman ditugu eta Beijingen printzipioetan oinarritzen dira. Erakunde, entitate eta enpresa bakoitzari eskaintze zaio haren eremuan edo erakundeak azken 25 urteotan berdintasunaren arloan izan dituen aurrerakuntzen barne-diagnostikoa egitea eta etorkizunean zein aurrerapauso egiteko konpromisoa hartzen duen zehaztea", argitu du.

"Belaunaldi berria berdintasunaren belaunaldia izatea nahi dugu"

Artolazabalek iragarri duenez, gainera, ekimen horren nondik norakoak Bilbon hilaren 26an egingo duten ekitaldi batean azalduko dituzte. Bertara erakundeetako, gizarte zibileko eta elkarteetako ordezkariak gonbidatu dituzte.

Sailburuaren irudiko, topaketa hori "erabat beharrezkotzat jotzen dugun itun baten hazia izango da; izan ere, beste urrats bat gehiago ekarriko du Euskadiko gizarteak berdintasunarekin duen konpromisoan, hura gero eta handiagoa dela kontuan hartuta". Eta, amaitzeko, honako hau esan du: "Gobernuan ekimen hori belaunaldi berria berdintasunaren belaunaldia izatea nahi dugulako sustatzen dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Emakunde NBE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa