Gizartea -
Koronabirusa
Distantzia egonik ere, terrazetan erretzen ez uztea proposatu du Espainiako Gobernuak
Osasun Ministerioaren zirriborroak taberna eta jatetxeetako terrazetan erretzea debekatzea proposatzen du, bi metroko segurtasun tartea baldin badago ere.
agentziak | eitb media
Espainiako Osasun Ministerioak taberna eta jatetxeetako aire zabaleko terrazetan ere erretzea debekatzea proposatuko die erkidegoei, pertsonen artean bi metroko segurtasun distantzia zaintzen den edo ez kontuan izan gabe.
Osasun Ministerioko iturriek azaldu dutenez, ez dute espero Lurralde Arteko Kontseiluak gaur egingo duen batzarrean gaiari buruz hitz egitea. Dokumentua, gainera, zirriborro fasean dago, irekita eta kontu teknikoen aldaketen mende.
Efe albiste agentziak zirriborroa irakurri ahal izan du eta, jakinarazi duenez, proposamenaren helburua "bikoitza da": alde batetik, covid-19aren kutsatzeak galarazi nahi dituzte, eta, bestetik, gaixotasunaren eboluzioa kontrolatu nahi dute.
Osasun Ministerioak idatzi horretan gogorarazi du dagoeneko sei erkidegok (Balearrak, Kanariak, Kantabria, Valentzia, Asturias eta Aragoi) debekatu dutela terrazetan erretzea.
Gainera, beste hainbat erkidegok ez erretzeko aholkua eman dutela edo erretzea debekatzearen alde daudela aipatu du.
Ekitaldi handietarako edukierak
Bestalde, Silvia Calzon Estatuko Osasun idazkariak iragarri du Lurralde Arteko Kontseiluaren hurrengo bileretako batean ekitaldi handietarako edukierari buruzko erabakiren bat hartuko dutela.
Azaldu duenez, Espainiako Gobernuak eta erkidegoak "alerta mailaren araberako semaforoak armonizatzea" bilatzen ari dira, edukiera kontrolak eta bestelako mugak "erkidego gehienetan" antzera kudeatu ahal izateko.