Gizartea -
Koronabirusa
Espainiako Estatuak EMAren iritziari itxarongo dio Janssenen txertoa banatu aurretik
Europako Sendagarien Agentziak iragarri du "datorren astean" emango duela balorazio ofiziala, baina oraingoz bere "iritzia" dela txertoaren onurak arriskuak baino handiagoak direla.
agentziak | eitb media
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak esan du Europako Sendagaien Agentziaren (EMA) iritziaren zain dagoela, asteazken honetan jaso dituen Janssenen covid-19aren aurkako 146.000 txertoekin zer egin erabakitzeko.
"EMAk emango duen balorazioaren zain gaude. Prest gaude ebaluazioa ona bada. Zuhurtziaz jokatuko dugu adierazpen horren berri izan arte. Atzerapena egun batzuetakoa izatea espero dugu", azaldu du ministroak Lurralde Arteko Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez.
EMAk asteazken honetan esan du "datorren astean" emango duela Jansseni buruzko aholkua, baina azpimarratu du, odolbilduei buruzko ikerketak martxan jarraitzen duen arren, oraingoz bere "iritzia" dela txertoaren onurak arriskuak baino handiagoak direla.
Gainera, EMAk gogorarazi du AEBk dagoeneko Janssenen 6,8 milioi dosi banatu dituela.
Gizakientzako sendagaien segurtasun arazoak aztertzen dituen batzordea, PRAC, Janssenen txertoa jaso ostean burmuineko odolbilduen sintomak garatu zituzten sei pertsonaren kasuak aztertzen ari da. Pertsona horiek txertoa jaso eta 6-13 egunera izan zituzten odolbilduen sintomak, plaketa maila baxuekin batera.
AEBko Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako eta Drogen eta Elikagaien erakundeek Johnson & Johnsonen sendagaiaren erabilera bertan behera uztea aholkatu zuten atzo odolbildu mota "arraro eta larrien" kasuak atzeman ostean.