Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadik 26 hildako atzeman ditu astebetean eta 1.003 kasu azken orduetan
Bizi Berri Planaren adierazle guztiak gorriz daude berriro. Intzidentzia-tasa metatua 437,06koa da, eta R0 indizea 1,18an dago. Gaixo kritikoak 133 dira, 6 gehiago azken 24 orduotan.
N. B. | EITB MEDIA
Astebetean 26 pertsona hil dira Euskadin covid-19aren ondorioz, eta positiboek gora egin dute, 1.003 kasu berri izan baitira, bezperan baino 277 gehiago. Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri Planaren adierazle guztiek bilakaera negatiboa izan dute azken orduetan. Gainera, 6 pertsona gehiago daude larri zainketa intentsiboetako unitateetan.
Halaber, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 437,06 kasura igo da erkidego osoan, bezperan baino 16,91 gehiago, (Araban 428,21, Bizkaian 371,53 eta Gipuzkoan 534,24), eta gaitzaren birsorkuntza tasa 1,18 da (Araban 1,08, Bizkaian 1,16 eta Gipuzkoan 1,23).
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan emandako datuen arabera, 11.274 test diagnostiko egin dituzte asteartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (7.546 PCR eta 3.728 test antigeno), aurreko egunean baino 1.961 gehiago, eta horien guztien artetik 1.003 kutsatze berri aurkitu dituzte: 123 Araban, 419 Bizkaian, 456 Gipuzkoan eta 5 EAEtik kanpo bizi diren pertsonetan. Positibotasun tasa % 8,9raino igo da.
Adin tarteka, 0-18 urteko taldean, 180 kasu berri atzeman dituzte egun bakarrean, eta intzidentzia-tasa 482,96 kasukoa da; 19-39 urteko taldean, 244 positibo atzeman dituzte (500,46); 40-64 urtekoenean, 391 (450,13); 65-79 urtekoenean, 138 (352,66); eta 80 urtetik gorakoen artean, 49 (261,54).
Hiriburuetako egoerari dagokionez, intzidentzia-tasa 462,34 kasukoa da Gasteizen, 485,75ekoa Bilbon eta 383,79koa Donostian. 5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Gasteiz eta Bilborekin batera, eremu gorrian daude Arabako Amurrio, Bizkaiko Getxo, Muskiz, Ondarroa, Portugalete eta Sestao, eta Gipuzkoako Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Beasain, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga, 400 kasutik gora dituztelako 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuan.
Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) handitu egin da astearte honetan, eta 1,25ean kokatu da Euskadi osoan (1,23an zegoen bezperan).
Azkenik, ospitaleen egoera dela eta, koronabirusaren ondorioz 90 pertsona ospitaleratu dituzte asteartean, eta guztira 433 daude ospitaleetan, bezperan baino 3 gehiago. Gainera, gaitza duten 133 pertsona zainketa intentsiboen unitatean daude, bezperan baino 6 gehiago.