Gizartea -
Koronabirusa
Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa eta Alesbes itxita ostegunetik aurrera
Gobernu Foralak ezohiko neurriak hartu ditu herriotan, intzidentzia metatua nabarmen hazi dela ikustean. Baheketak egingo dituzte, gainera, Etxarri Aranatz eta Alesbesen.
EITB MEDIA
Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa eta Alesbes herrietan covid-19aren hedatzeari eusteko ezohiko neurriak onartu ditu Gobernu foralak, herriotan kutsatze eta positibitate tasak asko igotzen ari direla ikusita. Udalekin batera hartutako erabakien artean herriak perimetralki ixtea jasotzen da.
Neurriak ostegunean jarriko dira indarrean, apirilaren 15ean, eta printzipioz bi astez iraungo dute, apirilaren 29a arte; baina luzatzeko, laburtzeko edo aldatzeko aukera dago, egoera epidemiologikoaren arabera, Foru Gobernuak jakinarazi duenez.
Arbizun (1.000 inguru biztanle), azken 14 egunetako intzidentzia 3.621era iritsi da, eta bikoiztu baino gehiago egin da bi astetan. Etxarri Aranatzen (2.500 biztanle), berriz, 1.710etik 2.158era igo da 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia azken bi asteetan. Lodosan (4.800 biztanle) intzidentzia metatua ere 2.000tik gorakoa da, eta duela bi aste 1.178koa zen. Azkenik, Alesbesen (2.900 biztanle) hiru aste daramate 1.000tik gorako intzidentziarekin.
Udalerri horietan ezarritako konfinamendu perimetralean salbuetsita daude lan egiteko joan-etorriak, osasun kontuekin lotutakoak, hezkuntzarekin zerikusia dutenak, zaintza lanak, etab.
Baheketak Etxarri Aranatzen eta Alesbesen
Bestalde, osasun agintariek koronabirusa atzemateko baheketak iragarri dituzte Etxarri Aranatzen eta Alesbesen.
Etxarri Aranatzen 15 eta 29 urte arteko eta 45 eta 64 urte arteko 820 pertsona deitu dituzte probak egitera, eta Alesbesen 15 eta 29 urte arteko 400 herritar daude jomugan. Oraindik ez dute jakinarazi zein izango den proba egiteko prozedura.
Azken 10 egunetan diagnosi probaren bat egin dutenek ez dute parte hartu beharko, azken hiru hilabeteetan positibo eman dutenek bezalaxe. Era berean, sintomak dituztenek edo isolatuta daudenek ez dute proba egitera joan behar.