Gizartea -

KORONABIRUSA

Urkulluk ez du LABI instituzionala deituko, azterketa tekniko berri baten zain

Batzorde teknikoak bilera izan du astearte honetan, eta lehendakariak baztertu egin du oraingoz Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea deitzea.

LABI teknikoaren gaurko bilera. Argazkia: EFE.
LABI teknikoaren gaurko bilera
LABI teknikoaren gaurko bilera. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oraingoz, Iñigo Urkullu lehendakariak baztertu egin du Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea deitzea, organo instituzionalari aholkatzen dion batzorde teknikoak ostegunean egingo duen pandemiaren bilakaeraren azterketaren zain.

Batzorde teknikoak bilera izan du astearte honetan, eta lehendakaria bera eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua bertan izan dira, egoera epidemiologikoa "sakon" aztertzeko.

Bilera horren ostean, Eusko Jaurlaritzak agiri bat kaleratu du, jakinarazteko "oraingoz ez dagoela aurreikusita LABI instituzionala deitzea", eta covid-19aren aurka indarrean dauden neurriak betetzeko beharra azpimarratu du.

"Osasun agintarien ustea eta gomendioa argia da: neurri horiek zorrotz betetzea da bide eraginkorrena murrizketa gehiago saihesteko", jaso dute oharrean, eta datorren asteko ostegunean batzorde teknikoa berriro bilduko dela iragarri dute.

Osasun sailburuak ohartarazi du egoera "kezkagarria" dela, pandemiaren eragina "oso handia" delako, "hazten jarraitzen duelako eta azken egunetan erritmo biziagoan egiten ari delako gora", eta birusaren hedapenari eusteko prebentzio neurriak betetzeko deia egin du.

726 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan Euskadin, eta % 7,8koa da positibo tasa. "Goranzko" joera mantenduko dela aurreikusten da, izan ere, intzidentzia % 22 igo da astebetean eta 425,15 pertsona kutsatu dira 100.000 biztanleko 14 egunean. LABI teknikoa datorren asteko ostegunean bilduko da berriro.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Alarma egoera