Gizartea -

Adminstrazio publikoa

Euskara "zerbitzu eta lan hizkuntza" bihurtzeko irizpideak ezarri ditu Jaurlaritzak

Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko jarraibideak emango dizkie Jaurlaritzak adostutako dokumentuak sektore publikoan dihardutenei.

Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko helburua dute irizpideek. Argazkia: EITB MEDIA
Herritarrentzako Arreta Zerbitzua
Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko helburua dute irizpideek. Argazkia: EITB MEDIA

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Administrazio orokorrean euskara "zerbitzu eta lan hizkuntza" bihur dadin pausoak eman nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horren ildoan, "EAEko Administrazio Orokorraren eta hari atxikitako Sektore Publikoaren Hizkuntza Irizpideak" onartu ditu gaur gobernu bileran.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak bileraren ondotik emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, jarraibideek hiru helburu dituzte: lehenik, euskararen normalizazioan aurrera egitea eta horretan sektore publikoa "eredu" izatea; bigarrenik, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea eta hirugarrenik, kalitatezko komunikazioa bultzatzea.

Gaur onartutako dokumentuak irizpideak ematen dizkie administrazio publikoko langile eta arduradun politikoei, bi hizkuntza ofizialen erabilera finkatzeko administrazioaren esparru guztietan, besteak beste: errotulazioan, publizitatean, jendaurreko ekitaldietan, ingurune digitalean, herritarrekiko ahozko eta idatzizko harremanetan, administrazio barruko lan-jardueretan, beste erakundeekiko komunikazioetan, eta diru-laguntza eta kontratuetan. Horrez gain, Hizkuntza Irizpideek oinarriak ezartzen dituzte sektore publikoko entitate guztietan erabilera planak diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko.

Zupiriak zehaztu duenez, irizpide horiek EAEko erakundeek gaztelaniaren eta euskararen, hizkuntza ofizial bien, erabilera bermatu beharko dute eta horretarako sektore publikoak euskararen erabilera gero eta gehiago erraztuko du, bai barneko jardueretan eta baita kanpoan zabaltzen direnetan ere. Dagokien erakunde guztiek jarduerak euskaraz egitea erabaki ahal izango dute, beti ere, errealitate soziolinguistikoak horretarako aukera ematen badu.

Hala ere, uneoro ziurtatu beharko zaie herritarrei administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza aukeratzeko eskubidea dutela, bai idatzizko komunikazioetan zein ahozkoetan

Bestalde, EAEko gainerako administrazioekin harremanetan jartzean, eta sektore publikoa, dokumentu igorlea denean, euskaraz edo ele bietan idatziko die, eta idatzizko harremana euskaraz izatea eskatu dutenekiko harremana euskaraz izango da. EAEko beste administrazio batek egindako komunikazio bati erantzun behar bazaio, euskaraz edo ele bietan egingo da. 

Azkenik, gaur onartutako dokumentuak zehazten duenez, administrazio publikoak "kalitatezko komunikazioa sustatu behar du, estilo zuzen, egoki eta ulergarrian, herritarrek Sektore Publikoaren mezuak ahalegin handirik gabe ulertzeko eskubidea dutela jakinda". Kalitatezko komunikazioaren aldeko ahalegin hori eremu digitalean eta komunikazio telematikoan ere eman behar dela azpimarratzen dute Hizkuntza Irizpideek, beti ere, kontutan izanda komunikazio digitalak bere hizkuntza propioa duela. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Funtzionarioak bideoak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa