Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadik 726 positibo berri atzeman ditu eta intzidentziaren goranzko fasean dago
Covidaren intzidentzia metatua 220 puntu hazi da hilabete pasatxoan, eta % 22 igo da apirilaren 4tik 11ra bitarteko astean. Gainera, ospitaleko okupazioak "nabarmen" egin du gora.
N. B. | EITB MEDIA
Covid-19aren intzidentzia-kurbaren goranzko fasean dago Euskadi, eta 726 kutsatu berri atzeman dituzte astelehenean; hau da, aurreko egunean baino 128 gehiago. Gainera, asistentzia-presioak gora egiten jarraitzen du: 127 paziente kritiko daude zainketa intentsiboetako unitateetan, eta guztira 430 pertsona daude ospitaleetan.
Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Gotzone Sagarduik esan duenez, covid-19aren eragina "oso handia da", "gora egiten jarraitzen du", eta "azken egunetan erritmo biziagoan egin du gora".
Horren harira, adierazleek Euskadi "indize kurbaren goranzko fasean dagoela erakusten" dutela eta egoera "kezkagarria" dela esan du.
Osasun sailburuak astearte honetan emandako datuen arabera, 9.313 proba diagnostiko egin dituzte astelehen honetan, aurreko egunean baino gehiago (6.871), eta 726 positibo berri atzeman dituzte. Horrela, egindako frogen positibotasun-tasa hiru hamarren jaitsi da, % 8,1etik % 7,8ra.
Lurraldez lurralde aztertuta, 106 pertsona kutsatu dira Araban, 298 Bizkaian eta 315 Gipuzkoan. EAEtik kanpo bizi diren zazpi pertsonak ere eman dute positibo.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua igo egin da berriro astelehen honetan Euskadin, eta 420,15era iritsi da, igandean baino hamar puntu gehiago (410,96).
Intzidentzia-tasa metatua Araban 423,9 kasutik 426,7ra igaro da; Bizkaian sei puntu igo da, 360,9raino; eta Gipuzkoan, berriz, hazkunde-erritmoari eutsi zaio, 483,3tik 500,1era egin baitu 24 ordutan.
Hiriburuetan, goranzko joera hautsi da Gasteizen; izan ere, intzidentzia-tasa metatua 464,7ra jaitsi zen atzo (puntu batetik beherako jaitsiera), eta ia berdin geratu zen Bilbon (472,4), ia kasu bat gehiago. Donostian, ordea, adierazle horrek gora egiten jarraitzen du, eta atzo ia 10 kasutan egin zuen gora, 324,6raino.
Ildo horretan, Gotzone Sagarduik ohartarazi du "hazkunde azkarra" izan duela, "hilabete pasatxoan indize hori 220 puntu hazi baita". Hala, minimoa martxoaren 10ean izan zen, 100.000 biztanleko 200 kasurekin, eta apirilaren 4tik 11rako astean % 22 igo da, sailburuaren hitzetan.
Gainera, azaldu duenez, oinarrizko birsorkuntza tasa, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duena, 1etik gorakoa da duela hilabete baino gehiagotik, eta "1,20 ingurukoa da duela egun batzuetatik". Astelehenean, 1,23an kokatu da.
Presio asistentzialari dagokionez, Sagarduiren arabera, ospitaleratzeak "nabarmen egin du gora". Gaur egun, 430 pertsona daude ospitaleratuta, duela astebete baino 66 gehiago eta duela bi aste baino 142 gehiago.
Sagarduiren esanetan, intzidentzia-tasak gora egin du, eta, ondorioz, "egun gutxiren buruan, ospitaleratzeak areagotu egin dira, eta, ondorioz, zainketa intentsiboetako unitateen oheak okupatzen hasi dira". Gaur egun, 331 ohe daude zabalik, % 82,18ko okupazio globalarekin, eta okupatutako ohe horien ia erdia, % 46,69, covid positiboa duten pazienteak dira.
Zehazki, Sagarduik esan du une honetan 127 pertsona daudela zainketa intentsiboetako unitateetan. "Tentsio-une bakoitzean okupazioaren lurzorua aurrekoa baino handiagoa da: urriko gailurraren aurretik, 45 paziente zeuden zainketa intentsiboetako unitateetan; urtarrilean, berriz, 71 ziren, eta martxoaren 29an, "oraingo tentsioaren" aurretik, 80 gaixo larri".
Hala eta guztiz ere, Osakidetza "oraingoz" gai da bere ohiko jarduerari eusteko ebakuntza kirurgikorik bertan behera utzi gabe; izan ere, ebakuntza horiek dira kaltetuenak, zainketa intentsiboetako pazienteen kopuruak gora egiten duenean. Nolanahi ere, goranzko joerari eutsiz gero, "arreta lehenestea" beharrezkoa izango dela aitortu du Sagarduik.
Horregatik, birusaren hedapenari eusteko prebentzio neurriak betetzeko deia egin du sailburuak.