Gizartea -

Hezkuntza

Jaurlaritzak eta unibertsitateek aurrez aurreko eskolen aldeko apustua berretsi dute

Hezkuntza Sailaren arabera, ia ez da kutsatzerik izan kanpus barruko jarduera akademikoetan.

Bildarratz eta hiru unibertsitateetako errektoreak. Argazkia: Efe
Bildarratz eta hiru unibertsitateetako errektoreak. Argazkia: Efe
Bildarratz eta hiru unibertsitateetako errektoreak. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko hiru unibertsitate nagusietako errektoreek eta Eusko Jaurlaritzak aurrez aurreko eskolak ematearen aldeko apustua egin dute ikasturtea amaitzeko geratzen diren hilabeteetan, eta covid-19aren aurkako txertaketan zentroetako langileak lehentasunezkoen artean sartzea eskatu dute.

Eva Ferreira EHUren errektoreak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitaekoak eta Vicente Atxa Mondragonekoak bilera egin dute gaur Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin ikasturtearen nondik norakoak azaltzeko.

Sailburuak agerraldia egin du hiru errektoreekin batera bileraren berri emateko, eta denek egin omen dute bat ikasturtearen balantze positiboa dela, eta azpimarratu dute eskolak aurrez aurrekoak izaten ari direla, beharrezko segurtasun neurriekin.

Hiru unibertsitateak aintzat hartuta, 2.580 kasu positibo atzeman dituzte ikasturte honetan (2.240 ikasle eta 340 langile), astean 80 kutsatze batez beste 64.341 ikaslek eta 9.709 langilek osatutako kolektibo batean. Hezkuntza Sailaren arabera, gainera, ia ez da kutsatzerik izan kanpus barruko jarduera akademikoetan.

Bildarratzek berretsi du unibertsitateen helburua aurrez aurreko eskolekin jarraitzea dela, bestelako hezkuntza zentroekin bezalaxe, eta ikasleen lana goraipatu du ikasgelak "seguruak eta covidik gabe" mantentzeko egiten duten lanagatik, eta ikasleak ere txalotu ditu esfortzu berberagatik.

Horren harira, EHUren errektoreak "ahal den maila altuenean" aurrez aurreko eskolak izatearen alde egin du, eta horrekin lotu du irakasleei lehenbailehen txertoa emateko eskaera.

Bestalde, Bildarratzek azaldu duenez, batzarrean parte hartu dutenek enpresekin lan egiten jarraitzea adostu dute, irakaskuntza duala bermatzeko, eta digitalizazio prozesuan sakontzea defendatu dute, 3,9 milioi euroko inbertsioarekin.

Deustuko unibertsitatearen errektoreak esan du bere zentroetan helburuak bete dituztela eta seihileko honetan ikasleek notak hobetu dituztela. Baikor agertu dira ikasturtearen balantzearekin, eta 1.670 ikaslek beka dutela jakinarazi dute.

Bestalde, Mondragon Unibertsitatearen errektoreak azpimarratu du irailera begira helburua metodologia eta azpiegiturak hobetzea dela, aurrez aurreko eskolak eta praktikak enpresetan eskaini ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Deustuko Unibertsitatea Mondragon Unibertsitatea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Koronabirusa