Gizartea -

koronabirusa

Gasteizek Internet bidez eta publikorik gabe ospatuko du San Prudentzioko erretreta

Erretreta bost ekitaldiko egitarau txiki baten baitan kokatuko da, aurten ere covid-19ak eragindako egoera dela eta.

2020ko San Prudentzioko danborrada, balkoietatik. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
2020ko San Prudentzioko danborrada, balkoietatik. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
2020ko San Prudentzioko danborrada, balkoietatik. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizek sanprudentzioetako erretreta tradizionala ospatuko du datorren apirilaren 27an Iradier Arena pabiloian, baina publikorik gabe. Ekitaldia Internet bidez jarraitzeko aukera egongo da, Arabako zaindariaren jaien harira prestatutako bost ekitaldiko egitarau txiki baten baitan.

Ana del Val Kultura diputatuak aurten egingo diren ekitaldien berri eman du, herritarrek pandemiak berriro markatutako jaiak omentzeko, "ez ospatzeko", aukera izan dezaten. Arabako Foru Aldundiak alde batera utzi ditu jende-pìlaketak eragin ditzaketen ekitaldiak, eta, Del Valek argitu duenez, "ez da jairik izango", lurraldean "bizitzen jarraitzen dugun egoera dela eta".

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere "pilaketak" saihestera eta "bizikideen arteko kontaktua" soilik izateko eskatu die herritarrei. Gogorarazi du ez dela "ospakizunetarako garaia" eta Udaltzaingoak "arrisku-egoerak ekiditeko" beharrezko baliabideak ipiniko dituela.

Egitarau berezia

- Apirilaren 22an Santa Maria katedralak Maite Ruiz de Austri (iazko pregoilaria) zinema-zuzendariaren ekitaldia hartuko du, eta Amaia Elizaran dantzaria Alos Quartet taldearekin batera arituko da.

- Apirilaren 24ko goizean, Probintzia plazan, Arabako kuadrillen inguruko erakusketa egongo da ikusgai.

- Apirilaren 27rako, Iradier Arenan egitekoa den ekitaldiaz gain, herritarrak balkoietatik danborradan parte hartzera gonbidatu dituzte. Horretarako, bozgorailuak jarriko dituzte Gasteizko elizetan.

Egun berean, Udal Folklore Akademiak, Indarra Dantza Taldearekin batera, musika eta dantza tradizionaleko ikuskizuna egingo du Felix Petite antzokian.

- Apirilaren 28an, San Prudentzio egunean, Probintzia plazan, “Araba” zortzikoa joko du Arabako Foru Aldundiko Txistulari bandak, herritarrei itxitako ekitaldi batean eta aginteen parte-hartzearekin.

Era berean, erakundeek azaldu dutenez, ez dute bestelako ekitaldirik antolatuko egun horretarako, Armentiako landetan erromeria ospatu ohi bada ere.

- Bukatzeko, maiatzaren 1eko Estibalizko Amaren eguna ospatzeko, aurresku eta dantza solteko txapelketa izango da 12:30 eta 14:00ak bitartean Iradier Arenan, Arabako Dantzarien Biltzarraren eskutik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba EAE albisteak San Prudentzio albisteak Gizartea Gaurko titularrak Gasteiz Gaurko azken orduko albistea Jaiak Covid birusaren olatu berria