Gizartea -
Koronabirusa
Segurako erresidentzian sintomarik gabeko 24 positibo detektatu dituzte
Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, San Juan erresidentziako egoiliar guztiek txertoa hartu zuten eta kutsatutakoek ez dute sintomarik garatu.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Segurako San Juan erresidentzian izandako agerraldian beste positibo bat baieztatu dute ostiral honetan. Guztira, 24 adineko kutsatu dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu duenez, denek hartu zuten covid-19aren aurkako txertoa eta inork ez du sintomarik izan.
Horietako 23 koronabirusa duten adinekoak artatzeko prestatuta dauden Ordiziako eta Eibarko zentroetara eraman dituzte.
Aste honetan 506 PCR proba egin dituzte Gipuzkoako zahar-etxeetan. Joan den abuztuaren 11az geroztik, 676 egoiliar sendatu dira eta 154 heriotza izan dira covid-19aren ondorioz.