Gizartea -

Hondakin-kudeaketa

Gipuzkoak gainditu du jada EBk 2025erako ezarritako % 55eko birziklapen maila

Izan ere, % 55,24era iritsi zen 2020an, bost urte lehenago baino ia 13 puntu gorago.

Papera eta kartoia birziklatzen. Argazkia: EiTB
Papera eta kartoia birziklatzen. Argazkia: EiTB
Papera eta kartoia birziklatzen. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoak Europar Batasunak 2025erako ezarritako % 55eko birziklapen maila gainditu du bost urte lehenago, Jose Ignacio Asensio Ingurugiro diputatuak jakinarazi duenez.

Asensiok 2020ko zabor bilketari eta hiri hondakinen birziklapenari buruzko datuak eman ditu gaur Donostian, eta azaldu du birziklapen maila % 55,24ra iritsi zela, aurreko urtean baino bi puntu gorago.

Gaikako bilketa % 57,96ra iritsi zen, errefusa baino 16 puntu gorago, nahiz eta azken hori % 0,83 hazi den, pandemiaren ondorioz kutsatutakoen zaborrak zuzenean errefusaren ontzira botatzen direlako, Aldundiaren esanetan.

Gainera, Gipuzkoan % 4,96 zabor gutxiago sortu zen aurreko urtearen aldean, 331.153 tonatik 314.720ra jaitsita.

2020an 2015-2019 epeko goranzko joerarekin jarraitu izana txalotu du; izan ere, 12,98 puntu hazi da birziklapen tasa, bost urte lehenago % 42,26an baitzegoen.

Gaika, biohondakinetan izan zen hazkunde handiena iaz, 2019an baino 2,06 puntu gehiago birziklatu baitzena (% 49,56).

Hala ere, gainerakoetan beheraka egin du tasak 2019aren aldean (beira, papera eta kartoia, eta ontziak).

Kontrako aldean sukaldeko olioan izandako gorakada dago, eta etxeko erreformekin lotutako tamaina handiko hondakinak.-

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Birziklatzea Euskadin Ekologia azken ordukoa