Gizartea -
indarkeria matxista
Gipuzkoako Auzitegiak Cabezudoren zigorra berretsi du, agiri faltsuak aurkezteagatik
Kondenatuak faltsututako agiriak aurkeztu zituen,argazki-saioak egin zituenean bere modeloetako bat adinez nagusia zela simulatzeko.
eitb media
Gipuzkoako Auzitegiak Donostiako epaitegi batek Kote Cabezudo argazkilariari jarritako bost hilabeteko kartzela-zigorra berretsi du. Kondenatuak faltsututako agiriak aurkeztu zituen epaimahaiaren aurrean, argazki-saioak egin zituenean bere modeloetako bat adinez nagusia zela simulatzeko.
Cabezudok 2008 eta 2009 bitartean egin zituen argazki-saioak, neska adin txikikoa zela, baina "formalizatutako kontratuen datak aldatu zituen" adinez nagusia zela esateko, gazteari ateratako irudiak 2010eko martxoaren 11n eta 2010eko abuztuaren 20an ateratakoak zirela pentsarazteko.
Aurrerago, bere aurkako epaiketa-prozesua hasita zegoela, argazkilariak benetako bi kontratuak ekarri zituen auzitara, "horietan jasotako datak eta benetakoak bat ez zetozela jakinda".
Epaiak frogatutzat eman du Cabezudok agirien data "aldatu" zuela, merkataritza-dokumentuak faltsifikatuta. Cabezudoren defentsak, bere aldetik, helegitea aurkeztu du ebazpenaren aurka, kasuaren ardura zuen zigor-arloko epaitegiak probaren okerreko balorazioa egin duela ulertuta. Gipuzkoako Auzitegiak, ordea, atzera bota du helegitea, akusatuak kontratuak "interes propioen mesedetan" idatzi eta igorri izanaren froga "ugari" daudela arrazoituta.
Gainera, Auzitegiko Hirugarren sekzioak 1.000 euroko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea aitortu dio biktimari, pairatutako kalte moralengatik. Bestalde, argazkilariari lehen instantzian ezarri zioten 1.500 euroko isuna 450 eurora jaitsi du, bi urte kartzelan eman eta gero "bere ahalmen ekonomikoa erabat murriztu zelako".
Cabezudo kasuaren auzi nagusian, argazkilariari ustezko 47 delitu egin izana leporatzen zaio. Horietako asko sexu-askatasunaren kontrakoak dira, bere modelo izandako hogei emakumeren aurka eginak. Beste hainbat atal ere baditu, justiziari eragozpenak edo autoritateari desobedientzia barne hartzen dituztenak, besteak beste.
Era berean, argazkilaria bosgarren epaiketa baten esperoan dago, adin txikiko biktima baten irudiak YouTubeko bere kanaletik kentzeko mandatu judiziala ustez ez betetzeagatik. Gainera, seigarren bista bat dauka ezarrita apiril honetarako, beste behin, Internetetik biktimen irudiak ezabatzeko mandatu judiziala ez betetzeagatik, ustez. Kausa nagusiaren epaiketa-eguna ez da oraindik ezarri.