Gizartea -
Koronabirusa
Espainiako Gobernuak ez du alarma egoera maiatzaren 9tik haratago luzatu nahi
Horrek eragina izango du, esaterako, etxeratze aginduan eta itxiera perimetraletan.
agentziak | eitb media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur iragarri du ez duela alarma egoera luzatzeko asmorik, eta maiatzaren 9an amaituko dela. Hori horrela, bertan behera geratuko dira mugikortasunari lotutako murrizketak, etxeratze agindua eta itxiera perimetralak, besteak beste.
"Maiatzaren 9an alarma egoera amaitzea nahi dugu. Gure helburua da eta bide horretan ari gara lanean", adierazi du Sanchezek Ministroen Kontseiluaren ostean Moncloa Jauregian emandako prentsaurrekoan.
Konstituzioak ematen duen baliabide hori indargabetuta, bertan behera geratuko dira urriaren 25ean abian jarritako eta erkidegoek lurralde bakoitzeko egoera epidemiologikoaren arabera mugikortasunari ezarritako mugak.
Muga horien artean daude etxeratze agindua eta itxiera perimetralak (erkidegoenak, herrialdeenak eta udalerrienak).
Sanchezek azaldu duenez, alarma egoera amaitzen denean, pandemiari aurre egiteko neurriak Lurralde Arteko Kontseiluan erabakiko dituzte, bertan hartzen baitute parte Osasun Ministerioak eta erkidegoek.
"Egoera epidemiologikoak eta txertaketa prozesuak, asko azkartuko denak, pandemiari eraginkortasunez erantzuteko nahikoa tresna emango dizkigutela espero dugu", azpimarratu du presidente espainiarrak.
Alarma egoera urriaren 25ean sartu zen indarrean bi asterako, eta amaitu baino lehenago, sei hilabete luzatzea erabaki zuten, maiatzaren 9ra arte, Kongresuan etengabe bozkatzen aritzea saihesteko.
Alarma egoeraren amaiera autonomia erkidegoekin ez alderatzea deitoratu du Iñigo Urkullu lehendakariak.