Gizartea -

Koronabirusa

EAEn 450.000 dosi eman dituzte, jasotakoen % 95, gordetakoak zenbatu gabe

80 urtetik gorakoen % 36 immunizatuta daude, eta % 72,6k jaso dute lehenengo dosia.

Txertaketa Illunben. Argazkia: Efe
Txertaketa Illunben. Argazkia: Efe
Txertaketa Illunben. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren aurkako 450.000 dosi eman dituzte, astelehenera arte jasotako 469.000 dosietatik; hau da, eskuragarri dituzten txertoen % 95. 80 urtetik gorakoen % 36 immunizatuta daude, eta % 72,6k jaso dute lehenengo dosia, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur jakinarazi duenez.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearekin batera emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, EAEn txertaketa kanpaina hasi zenetik, jasotako txertoen % 95 banatu dituzte, bigarren dosia bermatzeko gordeta dituztenak kontuan izan gabe.

Gainera, Osakidetzak txertoa ematen jarraitu du Aste Santuko jaiegunetan ere. Hala, AstraZenecaren 52.800 dosi eman zituen ostiral goizean, zaharrenei emandako Pfizerren txertoez gain.

Bi adin tartetan ari dira txertoa ematen asteotan EAEn: 80 urtetik gorakoak Pfizerrekin (astearte honetan beste 70.200 dosi iritsi dira) txertatzen ari dira, eta 65 urtekoak eta hortik beherakoak, AstraZenecarekin.

Gaurdaino, 80 urtetik gorakoen % 72,6k jaso dute txertoaren lehenengo dosia, eta horien % 36 daude immunizatuta, bigarrena jasota. Osakidetzaren helburua kolektibo horri txertoa "albait azkarren" ematea omen da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa