Gizartea -

Nafarroa

Arguedas perimetralki itxi dute, kutsatzeak areagotu ondoren

Asteburu honetan, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 2.810 kasukoa izan da 100.000 biztanleko.

Baheketa Arguedasen joan den ostiralean. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Baheketa Arguedasen joan den ostiralean
Osasun saila baheketa masiboa egiten ari da gaur Arguedasen

0:43

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Osasun Departamentuak, Arguedasko Udalari kontsultatu ondoren, ezohiko neurriak hartu ditu herri horretan covid-19aren hedapena geldiarazteko. Kutsatze- eta positibotasun-tasa handiak ditu, eta goranzko joera nabarmena da.

Udalerrian (2.300 biztanle inguru), asteburu honetan, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 2.810 kasukoa da. Ostiralean, 15 eta 29 urte bitartekoen eta 45 eta 64 urte bitartekoen arteko baheketa egin zen herrian, eta 12 kasu positibo atzeman zituzten egindako 700 probetan (% 1,73ko positibotasuna).

Metatutako intzidentzia handia eta udalerriaren kutsatze kopuru handia direla eta, neurri murriztaile osagarriak hartu dira, hala nola udalerrira sartzeko eta bertatik irteteko pertsonen mugikortasuna mugatzeari buruzkoa. Murrizketa horretatik kanpo geratzen dira laneko, osasuneko, hezkuntzako, ohiko bizilekura itzultzeko, egoera ahulean dauden pertsonei arreta emateko eta ezinbesteko beste arrazoi batzuetarako betebeharrekin zerikusia duten joan-etorriak.

Neurriak gaur sartu dira indarrean, eta, hasiera batean, bi asteko iraupena izango dute, apirilaren 19ra arte, egun hori barne. Hala ere, neurri horiek luzatu, aldatu edo indarrik gabe utzi ahal izango dira, egoera epidemiologikoaren arabera.

Herritarren Arretarako Atalak ohiko galderak biltzen dituen dokumentu bat prestatu du, Arguedasen ezarritako prebentzio-neurriekin lotutakoak jasotzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa