Gizartea -
Nafarroa
236 arau-hauste salatu ditu Foruzaingoak Aste Santu honetan
Bide segurtasunari dagokionez, larunbat goizean Tafallan Madrilgo 40 urteko gizonezko bat hil zen istripuaz gain, beste 21 bide istripu artatu dituzte.
I. G. | EITB MEDIA
Aste Santuan, guztira, 236 salaketa jarri ditu Foruzaingoak, covid-19aren aurkako araudiaren arloko arau-hausteekin lotuta.
Horietatik 56 konfinamendu perimetraleko eta indibidualeko neurriak ez betetzeagatik izan dira, 54 etxeratze-agindua ez betetzeagatik, 48 aforoak ez betetzeagatik, bai eremu pribatuan bai bide publikoan, 46 maskara ez erabiltzeagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, 17 kale-edanagatik, zazpi aforoak eta ordutegiak ez betetzeagatik taberna, jatetxe edo kafetegietan eta sei bide publikoan erretzeagatik.
Gainera, patruilek herritarren 44 eskakizunetara jo dute auzokoen liskarretan edo eragozpenetan bitartekari lanak egiteko eta covid-19aren aurkako araudia betetzen zen egiaztatzeko, Foruzaingoak jakitera eman duenez.
Osasun araudia betetzen ez zela egiaztatzeko edo salatzeko, ostegunean, ostiralean eta larunbatean Nafarroako hainbat herritara joan behar izan zuten.
Bide-segurtasunari dagokionez, larunbat goizean Tafallan 40 urteko gizonezko bat hil zen istripuaz gain, beste 21 bide-istripu artatu dituzte: zazpi ibilgailuen arteko talkengatik, bost animaliak harrapatzeagatik eta bederatzi bidetik ateratzeagatik, azken horietako hiru Nafarroako Ospitalera eraman behar izan zituzten zaurituekin.
Azkenik, zortzi gidariri eginbideak ireki zaizkie, hiruri gidabaimenik gabe gidatzeagatik eta beste bosti baimendutako alkohol-tasa gainditzeagatik.