Gizartea -
Koronabirusa
Ikastetxeak eta funtsezkoak ez diren dendak itxita, Ipar Euskal Herrian
Hirugarren itxialdia ofizialki larunbat arratsaldean sartu zen indarrean. Hala ere, Pazko oporraldia dela-eta mugikortasunarekin nolabaiteko tolerantzia izaten ari dira agintariak.
E. L. | EiTB Media
Pandemia geldiarazteko saiakera berri batean, Frantziak itxialdia egingo du hilabete honetan, hirugarrena urtebetean. Martxoan eta azaroan aplikatutakoak baino arinagoa izan arren, ikastetxeak eta funtsezkoak ez diren saltokiak itxiko dituzte. Gainera, neurri berriek mugikortasuna mugatuko dute.
Era berean, neurri murriztaileak Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean aplikatuko dira, bertako egoera epidemiologikoa kontuan izan gabe. Hegoaldean baino intzidentzia baxuago dute Ipar Euskal Herrian. Horregatik, azken neurriek herritarren artean nolabaiteko haserrea eragin dute.
Egunean 37.000 positibo berri inguru zenbatzen dituzte Frantziako estatuan. ZIUetan 5.200 paziente baino gehiago daude, bigarren olatuko kopururik handiena.
Hirugarren itxialdia ofizialki larunbat arratsaldean sartu da indarrean, etxeratze aginduarekin batera; beraz, kontrolak handitu diren lehen eguna dute gaur Frantzian. Ezinbestekoa ez baldin bada, ez dago estatu barruan bidaiatzeko aukerarik; ziurtagiririk gabe ezin izango da mugitu etxetik 10 kilometro baino gehiagora.
Hala ere, Pazko oporraldia dela eta, mugikortasunarekin nolabaiteko tolerantzia izaten ari dira agintariak; esaterako, seme-alabak aitona-amonekin uzteko edo itxialdia bertan pasatzeko beste eskualde batera joateko baimena ematen ari dira.
Itxialdi berriarekin, 2021eko hazkunde ekonomikoak puntu bat behera egitea aurreikusi du Frantziako Gobernuak. Zentzu horretan, dendarien kezka ulertu eta babes ekonomikoa mantenduko dutela azaldu du Eliseoak.
Frantziak 96.500 hildako inguru eta 4,7 milioi positibo zenbatu ditu dagoeneko. Txertaketa kanpaina bizkortzen ari da; izan ere, 9,2 milioi herritarrek gutxienez dosi bakarra hartu dute jadanik, eta 3,1 milioik biak.
BIDEOA: Normaltasun bila, Pazko igandeko txokolate opariak bueltatu dira Frantziara aurten