Gizartea -

KORONABIRUSA

Egunean 3.500 txerto jartzea aurreikusi dute Casillako txertaketa gunean

Bilboko Casillan zabalduriko txertaketa gunea egunero egongo da zabalik, jaiegunak barne, eta 40 erizainek lan egingo dute, bi txandatan banatuta.

Txertaketa hasi da La Casillan
Txertaketa hasi da La Casillan
Horrela izaten ari da Bilboko La Casillako txertaketa

2:20

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur goizean hasi dira AstraZeneca txertoaren lehen dosiak jartzen Bilboko Casilla pabiloian. Osakidetzak egindako kalkuluen arabera, egunean 3.500 txerto jarri ahalko dituzte Casillako txertaketa gunean. Asteko zazpi egunetan egongo da zabalik, jaiegunak barne, baita Aste Santuan barne.

Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuko kide den Ascen Rodriguezek azaldu duenez, 40 erizainek lan egingo dute Casilla pabiloian, bi txandatan banatuta (goizez eta arratsaldez). Egunero jarriko dituzte txertoak, astelehenetik igandera, jaiegunak eta Aste Santua barne, 08:00etatik 22:00etara.

Aurreikuspenen arabera, egunean 3.500 dosi emango dituzte, gutxi gorabehera. Asteartean, proba pilotu bat egin zuten eta 400 txerto inguru eman zituzten. Gaurko egunari begira, 800 inguru jartzea espero dute. "Larunbatean, igandean eta astelehenean ia % 100ean egingo dugu lan, eta ia 3.500 dosi emango ditugu", nabarmendu du.

Casillako txertaketa gunean AstraZenecaren txertoa jartzen ari zaizkie zehaztu diren oinarrizko jardueretako langileei  eta 65 urteko herritarrei. “Osasun Zientzietako ikasleei, taxi gidariei, irakasleei eta oinarrizko zenbait sektoretakoei ari gatzaizkie txertoa jartzen, edozein dela ere haien adina”, azaldu du.

Gunearen edukiari dagokionez, Rodriguezek azaldu du bikoiztu ere egin daitekeela beharrezko suertatuz gero;  gaur egun bina erizain dituzten hamar box horiez aparte gehiago jar daitezke, jende kopuru bikoitza ere txertatu ahal izateko. Rodriguezek azpimarratu duenez, eskura egon daitezkeen “aukera guztiak” hartuko dira kontutan txertaketa beharrei erantzun ahal izateko, “beti ere, txertoak baditugu, noski”. “Osakidetzaren eta ESIen aldetik txertoak iristen bazaizkigu, behar denera moldatuko gara eta ez da inongo arazorik izango jendea txertatzeko”, nabarmendu du.

Casillako txertaketa gunea zabalik noiz arte egongo den galdetuta, “txertaketa  erritmoaren arabera” zehaztuko dela dio. “Nahiko genuke ekaina edo uztailerako amaituta egotea, baina ez bada posible, ez dagoenez soilik Osakidetzaren edo ESIen esku, beharrezko den denbora egongo gara hemen”.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo berriak Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak gaur Sendagaiak albisteak Txertoak egutegia Covid birusaren olatu berria Kiroldegiak albisteak