Gizartea -
KORONABIRUSA
PCR negatiboa beharko da Iparraldetik Hegoaldera igarotzeko, gaurtik aurrera
Salbuetsita daude mugaz gaindiko langileak, garraiolariak eta mugatik gehienez ere 30 kilometrora bizi direnak. Hegoaldetik Iparraldera pasatzeko, PCR negatiboa behar da urtarriletik.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gaurtik aurrera PCR negatiboa aurkeztu beharko da Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira igarotzeko. PCR proba horrek gehienez ere 72 ordu lehenago egindakoa izan beharko du, itsasontziz edo hegazkinez iristen direnei eskatzen zaien gisan.
Hala ere, salbuetsita egongo dira mugaz gaindiko langileak, garraiolariak eta mugatik gehienez ere 30 kilometrora bizi direnak. Sei urtetik beherakoek ere ez dute PCR probarik beharko muga pasatzeko.
Espainiako Osasun Ministerioaren agindua larunbatean argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta hiru egunera sartuko da indarrean. Arau berria covid-19ak eragindako osasun krisia amaitu bitartean aplikatuko da.
Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira pasatzeko, ostera, PCR negatiboa ezinbestekoa da urtarriletik.