Gizartea -
KORONABIRUSA
467 kasu atzeman dituzte EAEn, Gipuzkoan gehienak
Atzo 42 pertsona ospitaleratu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan eta une honetan 88 lagun daude ZIUetan.
EITB MEDIA
Behera egin dute azken ordu hauetan Euskal Autonomia Erkidegoan atzemandako covid-kasu berriek. 467 positibo diagnostikatu ditu Osakidetzak, bezperan baino 125 gutxiago, baina proba gutxiago ere egin dituzte: 8.042, aurreko egunean 10.254 izan zirenean. Positibotasun-tasa % 5,8koa izan da berriz ere.
Atzo 77 kasu berri atzeman zituzten Araban, 186 Bizkaian eta 201 Gipuzkoan. Gainera, EAEtik kanpo bizi diren hiru pertsonari ere atzeman zieten birusa. Gipuzkoan nabarmen igo dira kutsatzeak, lurralde zigortuena bilakatuz eta Goierri da okerren dagoen eskualdea.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, 42 pertsona ospitaleratu zituzten atzo (ostiralean baino 28 gutxiago) eta gaur egun 88 pertsona daude Zaintza Intentsiboetako Unitateetan, aurreko egunean baino bi gehiago.
Udalerriei buruzko, R0 indizeari buruzko eta 100.000 biztanleko positibotasun-tasari buruzko informazioa ez da astelehenera arte eguneratuko.
19 udalerri konfinatuko dituzte astelehenetik aurrera EAEn
Eusko Jaurlaritzak Aste Santurako hartutako neurri murriztaile berriak 19 udalerritan egongo dira indarrean, astelehenetik aurrera. Udalerri horien perimetroak itxita egongo dira eta ostalaritzako barrualdeetako ordutegia murriztuta izango dute.
Nafarroako egoera
Nafarroako Foru Erkidegoak kutsatze kopuru handiarekin jarraitzen du, baina kopuruak behera egin du azken bi egunotan. Ostegunean 205 positibo berri atzeman zituzten, ostiralean 155 eta larunbatean 127 izan dira. Behera egin dute covid-19 kasu berriek, beraz, baina duela astebete (89) edo duela bi (51) antzemandakoak baino dezente gehiago dira.
Atzo 2.983 proba diagnostiko egin ziren, eta horien % 5,5 positiboak izan ziren. Bezperako positibotasun tasa % 6koa izan zen; beraz, puntu erdi jaitsi da.