Gizartea -
Bueltaka Operazioa
Nikaraguako emakumeekin trafikatzen zuen talde kriminal bat desegin dute Bizkaian
Hiru pertsona atxilotu dituzte, talde kriminal baten barruan pertsonen legez kontrako trafikoa, legez kontrako immigrazioan laguntzea eta lan-esplotazioa helburu duen giza salerosketa leporatuta.
Mikel Dominguez | EITB Media
Ertzaintzak emakume nikaraguarren trafikoan aritzen zen talde kriminal bat desegin du. Emakume horiek lanean esplotatzeko helburua zuen taldeak. Segurtasun sailak esan duenez, Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiak hiru atxiloketa eta etxebizitza baten miaketa egin zituzten asteartean, Arratian (Bizkaia) eta Somoto (Nikaragua) artean errotuta zegoen taldea deseginda.
Atxilotutako bi emakumeei eta gizonari talde kriminal baten barruan pertsonen legez kontrako trafikoa, legez kontrako immigrazioan laguntzea eta lan-esplotazioa helburu duen giza salerosketa leporatzen dizkiete. Asteazkenean epailearen esku geratu ziren. Bueltaka Operazioaren barruan egin dute 2020ko azaroan hasi zen ikerketa.
Ertzaintzak azaldu duenez, 20 eta 40 urte bitarteko Nikaraguako emakumeak erakartzen zituen taldeak, familiarteko kontaktuen bidez, eta Espainiarako bidaia antolatzen zien eta modu irregularrean egotea ahalbidetzen zien, eta kasu batzuetan etxe-zerbitzuko lanetan barruko neskame moduan ere esplotatzen zituen.
Bidaia egiteko, hegazkineko txartelak, 1000 dolar inguru eta Espainiara sartzeko dokumentuak ematen zizkieten, eta ondoren 10.000 euro inguruko zorra ezartzen zieten eta kontratu bat sinatzera behartzen zituzten, ¡ abal moduan jatorriko herrialdeko familiaren jabetzak jarriz. Zorra taldeak berak lortutako etxe-zerbitzuko lanetan kobratutako diruarekin ordaintzera behartzen zituzten, kasurik gehienetan barruko neskame moduan lan egin behar izaten zuten. Era horretara isolatuta egotea eta gizarte-harremanak saihestea lortzen zuten.
Ertzaintzak espero du egiaztatu ahal izatea 2017tik martxan zegoen talde honek hogei bat emakume sartu dituela Estatuan.