Gizartea -
Lan eskaintza publikoa
Ertzain eta udaltzain izateko 751 lanpostu eta 5.138 hautagai
Hautaproben "helburu hirukoitza" azpimarratu du Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak: langileak gazteagotzea, "emakumearen presentzia areagotzea" eta euskara bultzatzea.
EiTB Media | Agentziak
18 udalerritako udaltzain eta ertzain izateko 751 lanpostutara 5100 hautagai baino gehiago aurkeztu dira. Hautaprobak Bilbao Exhibition Centerreko (BEC) lau pabiloitan egin dituzte.
6421 pertsonak (4531 gizon eta 1890 emakume) eman zuten izena hautaprobak egiteko, baina azkenean 5138 aurkeztu dira larunbat honetan, BECen.
Hautaproben "helburu hirukoitza" azpimarratu du Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak: langileen gazteagotzea bermatzea, EAEko polizietan "emakumearen presentzia areagotzea" eta euskara herritarrekin harremana izateko hizkuntza bihurtzea.
Ertzainen % 15-20k 55 urte inguru dituzte, beraz, "belaunaldia berritzea ezinbestekoa" da, Erkorekak azaldu duenez. Horretarako, Sailak "urtero deialdi bat egiteko" asmoa duela nabarmendu du lehendakariordeak.
Bestalde, ertzainen % 30 emakumeak izateko, "lehen fasean" emakumeen sarrera "areagotzeko" eta "bultzatzeko" hartutako neurriak azpimarratu ditu Erkorekak. "Une bakoitzean xedeak zeintzuk diren modu zehatzagoan" finkatzeko egitasmo bat egiten ari direla erantsi du.
Andres Zearreta Arkautiko Akademiako zuzendaria hautaprobekin pozik agertu da, eta izena eman duten pertsonen zein azkenean BECen aurkeztu diren hautagaien kopurua "arrakasta" direla uste du.
Covid-19aren aurkako neurriak "oso zorrotz" bete dituztela nabarmendu du Zearretak. Horretarako, BECen sei pabiloi erabili dituzte, aforoaren % 50 betetzeko, 1286 pertsona pabiloi bakoitzeko, hain zuzen ere.
Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek egiten duten bigarren hautaproba prozesu bateratua da, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako lanpostuak betetzeko.
Oraingoan Azkoitia, Basauri, Bermeo, Bilbo, Donostia, Durango, Etxebarri, Getxo, Hondarribia, Irun, Laudio, Lekeitio, Pasaia, Portugalete, Tolosa, Gasteiz, Zarautz eta Zumaiako udalek eskaini dituzte udaltzain lanpostuak.
Larunbat honetako azterketak psikoteknikoak eta teorikoak izan dira. Proba kanporatzaileak izan dira, hau da, gainditzen dituztenak bakarrik pasako dira hurrengo fasera: proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonalak. Horiek askoz jota bi hilabete barru izango dira.