Gizartea -
HEZKUNTZA
Nafarroak Lanbide Heziketako 990 plaza berri izango ditu datorren ikasturtean
Nafarroak eraldaketa digitalaren eta ingelesezko zikloen eskaintzaren aldeko apustua egin du. Gainera, lehen aldiz, Lanbide Heziketako graduondokoak ezarriko dira espezializazio ikastaroen bidez.
EITB MEDIA
Hezkuntza Departamentuak 2021-2022 ikasturterako Lanbide Heziketako zikloen eskaintza aurkeztu du; 24 talde gehiago, 5.525 ikasle lehen mailan (990 gehiago) eta 139 titulazio izango ditu.
Eskaintza 990 plazatan handitu da, plaza horiek erdi mailako 12 ziklo berritan (10 aurrez aurrekoak eta bi online), goi mailako sei ziklo elebidunetan, goi mailako batean eskaintza modularrean, bost espezializazio ikastarotan eta LH Bereziko bi unitatetan (Berako Toki Ona BHIn eta Azkoiengo Ribera del Arga BHIn) banatuko dira.
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak adierazi duenez, eskaintza horrek "aurrekaririk ez duen hazkundea du ziklo kopuruan eta ziklo berrien txertaketan, baita familia profesionaletan eta formatu mota ezberdinetan ere (modularra, elebiduna eta graduondoko programak)".
Gimenoren arabera, "lurraldeka orekatutako eskaintza da, eta inklusioaren aldeko apustu handia egiten du, Erdi-Mailako Heziketa Zikloen hazkundearen alde egindako ahaleginaren bidez, batez ere Iruñetik kanpo".
Azpimarratu duenez, ikasturte honetan "apustu handia" egingo da eraldaketa digitalaren eta ingelesezko zikloen eskaintzaren alde, eta, lehen aldiz, LHko graduondokoak ezarriko dira espezializazio ikastaroen bidez, honako titulazioekin: gauzen Internet, fabrikazio gehigarria, zibersegurtasuna, big data edo kultibo zelularrak.
Gainera, eskaintza elebidun berriarekin eta lehendik dauden ziklo batzuen eraldaketarekin, 360 ikaslek baino gehiagok ikasketen parte bat ingelesez egin ahalko dute.
Kontseilariak gogorarazi du 2021-2022 ikasturtean zehar Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioarekin lankidetzan, teknologia aplikatuko sei gela eta ekintzailetzako bederatzi ezarriko dituela Nafarroako LHko ikastetxeetan; 2024rako 22 eta 36 izatea espero dute.
2+3 Talentu Plana
Kontseilariak 2+3 Talentu Plana aipatu du. Plan horren bidez, lehen aldiz, Administrazio eta Finantzetako Goi-Mailako zikloko ikasleek Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako unibertsitate-gradua lortu ahal izango dute hiru urtean. Azaldu duenez, oro har, unibertsitateekin lanean ari dira unibertsitateko ikasketetan Lanbide Heziketako kredituen aintzatespena areagotzeko.