Gizartea -
KORONABIRUSA
90 kutsatutik bat Osakidetzako zainketa intentsiboetan sartzen da
Gainera, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez, gaixo hori batez beste 16 egun egoten da kritikoen unitatean.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Covid-19az kutsatutako 90 lagunetik bat Osakidetzako Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) sartzen da azkenean, eta batez beste 16 egun egoten da bertan, gaur gaurkoz, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez.
Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean astero egiten duen agerraldian Sagarduik EAEko egoera epidemiologikoa eta pandemiari aurre egiteko hartu diren azken neurriak izan ditu hizpide, hala nola AstraZenecaren txertoa 65 urtera arteko pertsonei jartzea.
Sailburuak jakitera eman duenez, pandemiaren egungo fasean, haren hitzetan osasun krisiaren "bigarren olatuaren hirugarren zikloan", koronabirusa zuten 70 gaixo zeuden ZIUetan ospitaleratuta.
Gainera, kritikoen unitateetan emakumeen ospitaleratzeak gora egiten jarraitzen duela azaldu du, ospitaleratze guztien % 32 baitira, eta gune horietan sartzen diren gaixoen batez besteko adina 62 urtetan mantentzen dela. Era berean, heriotza kopurua murriztu dela baieztatu du eta covid-arekin kutsatu diren gaixoen kopuruak ere "nabarmen" egin duela behera ZIUetan.
Era berean, kutsatzen diren 100 pertsonatik 12 ospitalera eraman behar izaten dituztela jakinarazi du Sagarduik, eta batez beste 10,57 egun egoten direla bertan. ZIUetan, berriz, covid-19az kutsatutako 90 lagunetik bat Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) sartzen da azkenean, eta batez beste 16 egun egoten da bertan.