Gizartea -
Koronabirusa
Aste Santurako neurriak gogortzea eztabaidatuko dute arratsaldean erkidegoek
Jaiegunetarako gutxieneko neurri komunak adostu bazituzten ere, kutsatzeen igoera tarteko, ez dute baztertu are gehiago zorroztea.
E. G. | EITB MEDIA
Egunetik egunera, gorantz doaz positibo berrien datuak Espainiako Estatuan. Ingurumaria horretan, bilera dute gaur arratsaldean Espainiako Gobernuak eta erkidegoek, eta egoera epidemiologikoa gehiago kaskartu ez dadin Aste Santurako neurriak gogortzea edukiko dute mahai gainean.
Duela 15 egun, jaiegunetarako gutxieneko neurri komunak adostu zituen Lurraldeen arteko Osasun Batzordeak. Dena dela, Sanchezen gobernuak ez du baztertu neurriok are gehiago zorroztea. Hala ohartarazi zuen astelehenean bertan Carolina Darias Osasun ministroak.
Izan ere, joera aldaketa sumatu dute kutsatzeen arloan, San Jose zubiaren ondorioak ikusteke ditugula. Bestalde, Europako herrialde batzuek konfinamendu zorrotzak iragarri dituzte Pazko Asterako.
Martxoaren 10ean adostutako neurriak honakoak dira: erkidegoen itxiera perimetrala, etxeratze agindua gehienez 23:00etan ezartzea, bilkura sozialak 4-6 pertsonara murriztea eta espazio pribatuan bizikideak ez diren lagunen arteko bilkurak debekatzea. Nolanahi ere, neurriok "minimoen itun" bat zirela azpimarratu zuen Dariasek, erantsiz erkidegoek "are neurri zorrotzagoak" ezartzea bazutela (Jaurlaritzarenak murriztaileagoak dira, esaterako).
Neurrien aferaz gain, polemika iturri izan den nazioarteko bidaien gaia izango dute hizpide Espainiako Gobernuak eta erkidegoek. Izan ere, kontraesan handia sortu da Estatu barruko erkidegoen arteko mugikortasuna debekatuta dagoen arren, atzerrira bidaiatzea badagoelako, eta hala, turistak gurera ere etor daitezkeelako.