Gizartea -
Alarma-egoera
Mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko enegarren deia egin du Eusko Jaurlaritzak
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak pandemiaren bilakaera, astiro bada ere, goraka egiten ari dela ohartarazi du. "Ahalik eta gutxien mugitzeko beste arrazoi bat da hori", erantsi du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Autonomia erkidegoak itxita dauden bitartean, nazioarteko turistek Euskal Herrira etortzeko aukera dute, eta horrek eztabaida sortu du. Afera horri buruz galdetu diote gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari, baina honek uko egin dio polemikan sartzeari.
Zupiriak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri hartu dituela koronabirusaren hedapena gelditzeko asmoz eta behin eta berriro ari dela eskatzen beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko.
Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan "mugikortasunaren mapa" zein den eta herritarrek bete behar dituzten murrizketak zeintzuk diren "oso argi" zehaztuta daudela erantsi du.
Ildo berean, eta Realak eta Athleticek jokatuko duten Kopako finalari dagokionez, Zupiriak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritza partida hori publikoarekin egitearen aurka agertu zela joan den astean.
"Etxeratze-agindua indarrean dago; merkataritza, kultura eta kirol jarduera mugatuta daude; ostalaritzak murrizketak ditu; eta herritarrei erregutzen ari gara mugikortasuna saihestu dezaten", adierazi du.
Bestalde, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi du pandemiaren bilakaera goraka egiten ari dela Euskal Herrian, Estatuan eta Europan. "Ahalik eta gutxien mugitzeko beste arrazoi bat da hori", erantsi du.