Gizartea -

BIZKAIA

Bost urteko kartzela-zigorra bikotekide ohia bahitu eta maletategian eramateagatik

Epaitutako gertaerak jazo zirenean biktimarengana hurbiltzeko debekua zuen. Biktimak ez zuen kalte-ordainik eskatu erantzukizun zibil gisa.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bost urteko kartzela-zigorra ezarri dio gizon bati, emakume bat bahitu eta autoaren maletategian eramateagatik. Horrez gain, beste bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio urruntze-agindua urratzeagatk eta gizartearentzako lanak egin beharko ditu tratu txarrak emateagatik.

Astearte honetan kaleratutako epaiaren arabera, gizona eta emakumea bikotekide ohiak dira eta bi seme-alaba dituzte elkarrekin. Epaitutako gertaerak jazo zirenean, 2020ko maiatzaren 14an, gizonak debekatuta zuen biktimarengana hurbiltzea.

Hala ere, urruntze-agindua urratuz, auzipetua eta biktima elkarrekin zeuden lehenaren amaren etxean.

Emakumea hirugarren batekin WhatsAppeko mezuak trukatzen ari zela, bien arteko eztabaida hasi zen. Kokaina dosi bat hartu ezean jo egingo ziola esanez mehatxatu zuen , eta hiltzeko mehatxua egin zion gero.

Ondoren, gizonak buruan kolpe gogor bat eman zion emakumeari, eta biktimak konortea galdu zuen.

Emakumea konorterik gabe zegoela baliatuta, erasotzaileak oinak eta eskuak lotu zizkion eta autoaren maletategian sartu zuen.

Gizonak gidatzen jarraitu zuen, harik eta hurrengo goizean Udaltzaingoaren patruila batek BI-3747 errepidean geldiarazi zuen arte. Emakumearen hankak maletategitik irteten ikusi zituzten.

Emakumeak, bere aldetik, uko egin zion erantzukizun zibil gisa kalte-ordaina eskatzeari.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak emakumeak Indarkeria matxista Zer gertatu da gaur Bizkaian? Epaiketak albisteak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Matxismoa